Kalteak eragin dituzte Legazpiko Agirre-Etxeberrin
Asteburuan gertatu diren ekintzak gogor salatu ditu udalak
Aurreko asteburuan hainbat kalte eragin dituzte Doinua musika eskolaren egoitza den Agirre-Etxeberri etxean. Hain zuzen, ate nagusiko sarraila eta musika eskolako sarreran dagoen harrizko apala hondatu dituzte, baita loreontziak ere; loreontziak orain gutxi ere puskatu zituzten.
Legazpiko Udalak gogor salatu ditu kalteak eta udal ondarearen aurka doazen ekintzak legazpiar guztien aurka doazela azpimarratu du, izan ere herritar guztien poltsikotik ordaindu beharko dira konponketak. Bide batez, legazpiarren laguntza eskatu dute kalteak nork egin dituen argitzeko.