Nola egiten da ez ahanzteko?
Supermerkatuetan eta ikastetxeetan martxan jarri dute saharar errefuxiatuen Tindufeko kanpalekuetara elikagaiak bidaltzeko kanpaina. Elikagaiak ekaina aldean iritsiko dira.
Hamabost urte dira jada saharar errefuxiatuen aldeko elkarteek elikagai bilketa egiten dutela Aljeriako kanpalekuetara bidaltzeko. Elikagai bakoitza itxaropena dela, eta karabana antolatzen jarraitzen dute etsi gabe, nahiz eta gero eta elikagai gutxiago jasotzen duten, nahiz eta sahararren auzia endekapenezko gaixotasunak nola, betierekoa bihurtu dela pentsatzeko tentazioa gero eta handiagoa den. Beharbada, ordea, elikagai bilketa urtero-urtero entzuten den kanpai hotsa izan liteke eta hotsarekin batera sahararrek, erbestean, desertu gorriko kanpalekuetan bizi duten egoeraren akordua baletor, orduan ez genituzke behintzat ahaztuko.
Hare Haizeako kideek antolatzen dute orain hamahiru urte elikagai eta bestelakoen bilketa Goierri garaian: arroza, lekaleak, atuna, azukrea, sardinak eta, horiez gain, konpresak. Lourdes Lopezek azaldu duenez, «itxaropena esaten genuen, baina itxaropena luzatzen ari gara zentzu guztietan eta kanpalekuetan behar izana gero eta handiagoa da». Lopezek ñabardura bat egin du, «badirudi behar izana gero eta handiagoa dela nonahi eta fronte asko dagoela gertu zein urrun».
Aitzitik, ilusio berberarekin lan egiten dutela dio, «orain urte batzuk jasotzen genuenarekin alderatuta, orain erdia jasotzen dugu karabanarako, baina lanean jarraitzen dugu, gutxi bada ere zer edo zer iristen zaielako».
Urrian Lopez eta Patxi Otaegi senarra kanpalekuetan egon ziren, baratzeetan aritzeko erremintak bidali ostean haien banaketan laguntzen. «Hamabi egun egin genituen han. Urrian 40 graduko tenperatura zegoen. Bistan da desertuko baldintzak zenbateraino diren gogorrak. Auzo bakoitzean baratzetako arduradun bat dago eta arduradun guztiak emakumezkoak dira. Erreminta banaketa lanetan aritu ginen».
Elikagaiak biltzeko kanpainak urtarrilaren 26ra arte iraungo du. Elikagaiez gain, ibilgailuak ere bidaliko dituzte. Guztia Llodiotik (Araba) aterako da Alakantera bidean, han ferria hartu eta Aljeriara iristeko. Ilargi Erdi Gorriak jasoko du materiala kanpalekuetara eramateko. Ordurako ekaina izango da eta hemen, agian, 40 urte baino gehiago deserturik idorrenean bizirauten duen herriarekin ahaztuta egongo gara hurrengo urteko kanpai hotsa entzun arte.
Hurrengo urratsa ‘Oporrak bakean’ deialdia izango da
Iazko udan lau ume baino ez ziren sahararren Tindufeko (kanpalekuetatik) Goierri garaiko herrietara iritsi. Bestela esanda, lau familiek baino ez zituzten haurrak hartu. Ez dira datua emateko dauden bi modu bakarrak, Hare Haizeako Lourdes Lopezen ahotik beste era bat atera da: «Behintzat lau ume atera ziren».
Hare Haizeak, elikagaien bilketa egin ondoren, otsaila erdialdean datorren udari dagokion deialdia egingo du familiak erakarri eta oporraldian kanpalekuetatik iritsiko diren haurrak euren etxeetan har ditzaten.
Deialdi orokorra egin berri dute aurreko ostiralean Bilbon eta larunbatean Donostian. Ehun familia behar dituzte. Leloa honakoa izango da: Orain bi familia ditut, bata Saharan eta bestea Euskal Herrian.
Honezkero 30 urte dira euskal familiek errefuxiatu kanpalekuetatik iritsitako haurrak euren etxeetan hartzen dituztela. Iaz, guztira, 316 ume iritsi ziren eta aurten beste hainbeste etortzea nahi dute Oporrak Bakean egitasmoko antolatzaileek. Zenbakiak ongi atera daitezen ehun familia berri behar dituzte.
Errefuxiatu sahararrak Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan daudela 40 urte baino gehiago dira. 14 urtetik beherako 56.000 haur nola hala hazten ari dira bertan.