«Gaitzagatik bizimodua goitik behera aldatu behar izan dut»
Kolitis ultzeraduna du Adei Cuesta ordiziarrak. 2002an diagnostikatu zioten gaitza eta harrezkero bere bizimoduak buelta asko eman ditu. ‘Beharra daukat’ kanpainaren inguruan aritu da.
Kolitis ultzeraduna du Lazkaon bizi den Adei Cuestak (Ordizia, 1978). Badira urte batzuk gaitza diagnostikatu ziotela eta kostata, baina ikasi du gaitzarekin bizitzen. Bere egoera beretik pasatzen ari diren beste pertsona batzuei laguntzeko asmoarekin eta, bide batez, gizartean gaitz honen inguruan kontzientzia sortzeko baita ere, bere bizipenak elkarbanatu ditu.
Zer da kolitis ultzeraduna?
Hestean sortzen den gaitz kronikoa da. Gaitz horrek, izenak berak pista ematen duen moduan, hestea ultzeraz betetzen du, hestearen azken zatian hain zuzen ere. Nik hestearen azken 50 zentimetroak ditut infektatuta. Horrek odol isuriak, mukia, beherako handiak, anemia, mina, pixua galtzea eta beste hainbat gauza ekartzen ditu.
Gaitzaren ondorioz, komunera joateko beharra sortzen da uneoro.
Zein momentutan jakin zenuen kolitis ultzeraduna duzula?
2002. urtean izan zen. Une hartan Olaberriko Arcelor Mittal enpresan lan egiten nuen, mantenuan. Lan karga handia genuen, eta horrek estres handia sortzen zidan. Lan ordu asko sartzen ari ginen garaia zen.
Testuinguru hartan, ahultasuna sentitzen hasi nintzen egun batean. Indarrik gabe bezala nengoen. Egunetik egunera komunera maiztasun handiagoarekin joaten hasi nintzen. Momentu hartan ez nion aparteko garrantziarik eman.
Baina halako batean, komunera joan eta odola botatzen ari nintzela konturatu nintzen. Hilabeteren bueltan, askotan gertatu zitzaidan gauza bera. Larritzen hasia nintzen jada eta egun batean, odol putzu handi baten aurrean aurkitu nintzen. Orduan bai, orduan bai beldurtu nintzela!
Zer pentsatu zenuen hura gertatuta?
Zerbait txarra gertatzen ari zela nuen buruan. Beldurtuta nengoen, odol asko bota baitnuen. Gurasoei guztia kontatu eta medikura joan nintzen.
Zer esan zizun medikuak?
Digestio sailera bideratu ninduten probak egiteko.Beste batzuen artean, kolonospia egin zidaten. Gogorra izan zan, garai hartan ez baitzuten anestesiarik erabiltzen horrelakoetan. Probak eginda, diagnostikoa eman zidaten: ultzeradun kolitisa zen.
Zer zen ba al zenekien?
Lehenengo aldia zen entzuten nuela eta ez nuen batere informaziorik. Hasiera batean kaotikoa izan zen. Gaitz kronikoa zela esan zidaten, gaitzak berak bizitzan nola eragingo zidan ere esan zidaten, bizimoduan aldaketa asko egitea gomendatu zidaten. 22 urte betetzeko nengoen, eta nire buruak hasiera batean ez zituen gauza horiek guz-
tiak oso ondo jaso.
«Egun batean odol putzu baten aurrean
aurkitu eta beldurtu egin nintzen»«Bakoitzari ondo doakion tratamendua
aurkitu arte denbora pasatzen da»
Diagnostiko azkar bat garrantzitsua izango da.
Bai noski! Askok urteak pasatzen dituzte zer duten jakin gabe. Zer duten ez dakitenez, ez dakite nondik hasi, ez nola jokatu ere, eta ez dute behar duten tratamendua izango.
Harrezkero zer aldatu da zure bizitzan?
Elikadura adibidez. Jaten dudanak, asko eragiten dit. Nire elikadura oso murriztua da: pasta, arroza, fruta eta barazki gutxi batzuk, eta arraina eta haragia plantxan baino ez ditut jaten.
Elikaduraz gain, beste faktore batzuk ere eragiten didate. Burua eta gorputza zuzen-zuzenean daude lotuta; urduritasunak adibidez, asko eragiten du. Bizimodua goitik behera aldatu behar izan dut. Gaitzarekin bizitzen ikasi dudala esan dezaket.
Sendatzeko tratamendu edo modurik ba al dago?
Sendatzeko bidea oraindik ez dute aurkitu eta tratamenduak, egon badaude. Bigarren honi dagokionez, pertsona bakoitza mundu bat da, eta gaitza bera ere nahiko kapritxosoa da. Batzuetan, pertsona bakoitzari ondo dagokion tratamendua bilatu arte denbora pasatzen da. Gaitza pazientziaz hartzea da gomendioa.
Nirekin hasieratik ez zuten asmatu. Hasieran medikamentu asko hartu behar izan nituen. Mediku askoren kontsultan izan nintzen, baita hemendik kanpo ere. Lehenengo bost urteak oso gogorrak izan ziren.
Egunerokoan zertan eragiten du?
Gaitza kontrolpean ez duzunean, komuna behar duzu ondoan. Kalera ateratzen nintzen bakoitzean, beldurrez egoten nintzen. Ustekabean, kakagurea sartzen zitzaidan eta ezin nion eutsi. Askotan etxera itzuli behar izaten nuen, kaka gainean eginda.
Jendea ulerkorra da?.
Ez, eta hori ere oso gogorra da. Bizitza soziala egiteko arazo bat zen niretzat. Batzuk barre egiten zidatela ere somatzen nuen. Gauzak horrela, erabat itxi nintzen eta depresio sakona pasa dut guztiak eraginda.
Publikoki gai honen inguruan hitzegitea terapia ere ba al da?
Sare sozialetan egin nuen publiko 2015ean. Jende asko gerturatu zen nigana hori egin ondoren eta orduan konturatu nintzen ni ez nintzela ultzeradun kolitisa dudan bakarra.
Gaur egun, tratamendu egokirik badago?
Niri detektatu zidatenetik hona, aldaketa eta aurrerapauso sakonak eman dira. Tratamenduak asko hobetu dira. Dena den, bide luzea gelditzen da oraindik egiteko.
Momentu honetan dagoen tratamendu berrienak bigarren mailako hainbat ondorio sortzen ditu, inmunitate sisteman eragiten baitu.
Ikerketetan ari direla badakit; zelula amen bidez sendabidea aurkitzea dute helburu.
Afektatuak biltzen dituen elkarterik ba al dago?
ACCU Gipuzkoa du izena eta Donostian du egoitza. Zerbitzu desberdinak eskaintzen dizkigu: psikologoa, taldeko eta banakako laguntzak eta informazioa eskaintzen ditu, besteak beste. Eta gainera, antzeko egoeran dauden beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera ematen dizu.
Bukatzeko, zer da ‘Beharra daukat’?
Ordizian orain dela gutxi aurkeztu den kanpaina bat da. Komuna presaz erabili behar duten pertsonentzat pentsatua dago. Kron gaitza edo kolitis ultzeraduna dutenak babesteko modu bat da.
Horrelako kanpainak aurrera eramatea oso garrantzitsua da guretzat, eta Ordizian ia 30 bat saltokik egin dute bat kanpainarekin. Honi esker, saltoki horiek komuna beharra duen pertsonaren eskura jartzen dute.
Uste dut behar-beharrezkoak direla horrelako ekimenak. Batetik, behar duenari laguntzeko, baina baita gizartea sentsibilizatzeko ere. Kontutan izan behar da une horretan benetako beharra daukagula.