«Unibertsitatean baino gehiago ikasi dut Ikatzakoekin»
Ikatza argazkilari elkarteko kiderik gazteena (Legazpi, 1996) eta lehendakaria da. Otsailean argazkilaritza ikastaroko irakasle izango da Mikel Bravo kidearekin batera. Argazkilaritzan dabil buru-belarri.
Ikatzako kide gazteena zara eta lehendakari egin zintuzten.
Bai. Lehendakari izateak egiten ditugun ekintzei arreta jartzea eskatzen du batez ere. Orain, esate baterako, kultur etxean ikusgai jarri dugu Argizaiola lehiaketako argazki bilduma eta toki faltagatik aukeraketa bat egin dugu. 50 argazki daude ikusgai, 70 bidali zizkiguten eta guk estetikoki onenak direnak hautatu ditugu.
Halaber, esan beharra daukat Ikatzako kideek elkartean hasi nintzenean –16 urte inguru nituenean– ezin hobeto hartu nindutela. Gaztetasuna ez da sekula nire kontra bihurtu, areago kideek nire alde bihurtu dute gazte jende gutxi batzen zaielako eta gugan, nolabait esateko, etorkizuna edo ikusten dutelako.
Zer ikasi duzu Ikatzako kideengandik?
Dena. Unibertsitatean [Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko gradua ikasi zuen] baino gehiago ikasi dut Ikatzako kideekin.
Aurten ere Ikatzak antolatzen duen ikastaroan irakasle lanak egingo dituzu Mikel Bravorekin batera. Aspaldi utzi zuten hori zuen esku.
Bai, otsailetik martxora bitartean egingo dugun ikastaroa laugarrena da guretzat irakasle gisa. Otsailaren 4an irekiko dugu izen-ematea. Oraingoan toki muga jarri dugu, izan ere, iaz 23 lagunek parte hartu zuten eta askotxo izan zirela iruditu zitzaigun. Oraingoan 18 lagunentzako tokia egongo da.
Ikastaroaren mamia ohikoa izango da. Hain zuzen, oinarrizko argazkilaritza ikastaroa egingo dugu, baina hilabetez arituko garenez, gainetik bada ere, denari begirada bat emateko aukera izango dugu.
Profesionalki argazkilaritzan aritzeko erabakia hartu duzu.
Probatu egin nahi dut. Gaztea naiz eta gurasoen etxean bizi naiz, orain ez daukat presio handirik eta autonomo jar naiteke arrisku asko hartu gabe. Halere, ez da batere erraza bizimodua argazkilaritzatik, bideogintzatik eta irudigintzatik ateratzea. Ez dakit noiz arte arituko naizen, baina probatu nahi dut eta orain proba hori egiteko unerik egokiena da.
Santa Lutzi feriako argazki rally-a irabazi zenuen. Halakoek bultzada ematen al dute?
Bai, urteetan egindako esfortzuaren emaitza dira. Ez zen sari erraza argazkilari asko dabilelako, asko eta onak. Ez nuen espero, ustekabean harrapatu ninduen sariak.
Argazkilaritzatik zerk harrapatu zintuen?
Ezin esan, baina bideogintza baino gehiago gustatzen zait. Betidanik erakarri nau irudiak.
Beste zaletasun bat baduzu, argazkilaritzaren parekoa…
Bai, autoak. Iazko ikastaroan Maldan Beherako Julen Agirreburualde ezagutu nuen eta zaletasuna partekatzen genuela konturatu ginen. Gerora, Maldan Behera taldea sortu genuen auto lasterketak egiteko, baina gurea birtuala da, ez da errepide edo pista lasterketa. Simulaziorako autoak pistarako beste prestatu behar dira, bolantea, motorra, pedala, diferentziala, erregaia… Dena. Espainia mailan lehiatzen ari gara.