Zaldibiarrek pilotalekura joanez babestu dute emakumezkoen pilota
Emakumeen Binakako Pilota Txapelketaren 1. Mailan Urien eta Espinar jarri dira lider. 2. Mailan, Zubizarreta-Badiola sendo dira. Hurrengo jardunaldia Legazpin jokatuko da, ostiral iluntzean
Resti pilotalekuko harmailak pilotazaleek ederki beteta jokatu zen, ostiral iluntzean, Emakumezkoen Binanako Txapelketako 3. jardunaldia, Zaldibian. Gipuzkoako federazioak estreinako aldiz antolatu du bikotekako txapelketa. Nesken eliteko kirola indartzeko, oro har, dagokien alea jarri dute zaldibiarrek: jaialdia ikustera joan.
Iragarritakoak baino partida bat gutxiago jokatu ziren, txapelketakoak; hiru guztira. Ane Beloki legazpiarrak ezin izan zuen jokatu, Eizagirre aurrelaria min hartuta dagoelako. Ez aurkeztutzat eman diete 3. jardunaldia. Legazpi sorterrian da etzi 4. jardunaldia, eta bikotekidea aurkitu zain dago pilotari legazpiarra, Urbeltzen aritu ahal izateko.
Emakumeen txapelketako 2. Mailako partida batekin hasi zen jaialdia. Hirugarren jardunaldia da maila horretan. Berdintasun handia utzi du Restiko jardunaldiak sailkapen nagusian, hiru bikote baitaude launa punturekin berdinduta.
Jarraian, 1. Mailako lau bikoteen arteko bi partida izan ziren. Kategoria hori Zaldibian hasi da. Buruz buruko txapeldun Patri Espinarrek aurrean Urien duela ekin dio txapelketari. 12an utzi dituzte Arrieta eta Araiztegi.
Hirugarren neurketan, Zaldibiako Maddi Mendizabal kantxaratu zen, herrikideen txalo eta animo-oihu artean.
Txapelketako bi goierritarretatik bat da. Larrarte du bikotekide. Restin aurkari, Nora eta Maider Mendizabal, esperientzia luzeko pilotaria. 22 eta 16 galdu zuten zaldibiarrak eta Larrartek. Hurrengo jardunaldia aukera paregabekoa izango dute: lehen bi bikote sailkatuek elkarren aurka jokatuko dute, eta Mendizabal-Larrartek laugarrenen aurka.
Luze jo zuen jaialdiak, 21:30a pasata bukatu baitzen. Kadete mutilek itxi zuten jaialdia.
Ostiralean, Legazpin
Binakako Txapelketak Goierritik irten gabe jarraituko du, aste honetan ere. Legazpiko Urbeltz pilotalekuan jokatuko dute eliteko emakumezkoek, ostiralean 18:30ean hasita. 1. Mailakoek bigarren jardunaldia dute, eta 2. Mailakoek laugarrena.
Txapelketa horretan parte hartzen ari da Ane Beloki legazpiarra, baina bere bikotekidea min hartuta dagoela eta, ezin izango du Legazpiko kanporaketan jokatu.
Sailkatze fasean denek denen aurka jokatuko dute. Urtarrilaren 25ean ahituko da fasea, Zestoako Gurutzeaga frontoian.