«Bi aldiz pentsatu gabe erabaki nuen uztea, eta ez dut batere damurik»
Profesionaletako estreinako urtea txarra izan du Iker Azkaratek (Lazkao, 1994). Mononukleosiak jota, ezin lehiatu. «Tortura» izan dela dio. Zirt-zart erabakia hartu, eta utzi egin du. Ez da damutu.
Txirrindularitza uzteko erabakiarekin asko oroitu al zara?
Egia esango dizut: batere ez. Ez naiz gogoratu ere egin gehiago, denborarik ere ez dut izan eta.
Damurik ez duzu, beraz?
Ez, inongorik ez. Oraingoz ez. Ez dut esango hemendik hamar urtera izango ez dudanik; baina orain, batere ez.
Zer arrazoi izan dituzu uzteko?
Norberak ikusi behar du balio duen ala ez. Erdipurdi edo mailaz txarrera eginez ibiltzeko, ez du merezi jarraitzea. Hobeto zen lanean hastea eta bizikleta lehenbailehen uztea. Errealista izan behar da. Izagirre eta hauek bezalakoak ez nintzela izango ikusi nuen. Beraz, bakea egin, eta uzteko erabakia hartu nuen.
Noiz ikusi zenuen garbi?
Burgosko Itzulia bukatutakoan [abuztuak 11]. Orduan jada nire buruan garbi neukan ez nuela segitu nahi.
Taldean zer esan zizuten?
Denbora hartzeko esan zidaten, eta urtarrilera arte itxarongo zidatela. Oso ondo portatu dira nirekin. Zuri esaten ari naizena esan nien: garbi neukala, zegoena zegoela, eta utziko nuela. Taldekoekin harremana badaukat oraindik, sarri hitz egiten dugu.
Saiatu dira itzul zaitezen konbentzitzen?
Ez dago atzera bueltarik. Ulertu dute erabakia. Badakit hau ez dela ume joko bat, inor konbentzitzen ibiltzeko. Nahiko heldu bagara, eta norberak badaki zer egiten duen. Gainera, bizikleta ez da futbola edo pilota, hiru hilabete geldirik egon eta berriz has daitekeena. Pisu dezente hartu dut.
Profesionaletako lehen urtea zenuen 2018a. Mononukleosiak jota, ezin izan zenuen askorik lehiatu: 16 lasterketa egun soilik. Urte txarra.
Tortura izan zen niretzat. Buelta eman nion, baina beste batzuetan baino gehiago kostatu zitzaidan ondo jartzen. Baina txarretik ere ikasten da, eta gauza positiboak ateratzen dira. Lezioa ere izan da: bizitzan halako beste bat izanez gero berriz, beste modu batera hartuko nuke.
Zer sentitu zenuen gaixoaldian?
Birus bat da. Denok pasatzen omen dugu; batzuek nabaritzen dute, beste batzuek ez, ospitaleratu beharrekoak ere izaten dira… Atsedena behar du pertsonak, eta bizitza lasaia egiten nuen: etxean egon, paseoak egin… Aitona zaharren bizimodua egiten nuen.
Baina jarri zinen atzera.
Hasieran ikaragarri kostatu zitzaidan, hainbeste denbora geldi egonda. Tarraka-tarraka, jarri nintzen. Baina aitzakia ez da gaixotasuna; besteak ni baino bi pauso aurrerago zeuden.
Pazientzia ez zaizu falta izan?
Profesionaletan bi-hiru urte gehiago ibilita jarriko ginen, seguru asko. Baina errealista izan behar da. Lehendik ere garbi neukan urtebete probatuko nuela; balio banuen, ondo; bestela, haizea hartzera. Etxekoei ere esana nien hori.
Estu jarri zenuen galbahea.
Ez dut ikasketarik, ez dut ofiziorik ikasi. Segi nezakeen bizikletan, baina 28-30 urterekin utzi, eta orduan zer? Lana aurkitzeko arazoak. Bi aldiz pentsatu gabe hartu nuen erabakia, eta aitaren aluminio aroztegian ari naiz. Oraintxe bertan, egin dudan gauzarik onena dela uste dut.
Ez duzu faltan sumatuko?
Beno, orain ere bost edo sei orduko buelta egingo nuke gustura, horixe baietz. Baina, lehen ere, gustura egingo nituzkeen gauza asko, eta ezin nituen egin. Orain, bai.
Bizimodua asko aldatu zaizu?
Zer edo zer bai. Orain libre nago. Lehen dinamika batean sartuta nengoen. Aste barruan lana egin, eta frontenisean jokatu, baserrira joan eta ardiei kasu egin, lagunekin afaltzera joan… Nahi dudana egiten dut. Lehen ere ez zitzaidan gogorra egiten bizikletan ibiltzea, egia esan; horretara ohituta nengoen.
Herrian zaletuek ere pena hartuko zuten.
Bakarren bat etortzen zait zerbait esatera. Baina ni gustura nago, eta horrek balio dit.