EAJk Lazkaorako duen "proiektua jarraitzeko" aurkeztu dute Kepa Zubiarrain alkategaia
Lazkaoko EAJk atzo iluntzean egin zuen maiatzaren 26ko hauteskundeetan udalerako zerrenda gidatuko duen Kepa Zubiarrainen aurkezpena. "Kalitatezko zerbitzuak, herri garbia eta aisialdi, kultura eta kirol eskaintza zabala" hartu ditu eskaintza politikoaren giltzatzat. Enpleguan, "Goierri eredua" aldarrikatu du, elkarlan publiko-pribatua eta formazioa uztartuko dituena.
“Ilusioz eta gogoz” datorrela esanez aurkeztu zuen bere burua Kepa Zubiarrainek, atzo iluntzean, Areria antzokiko atalondoan. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, lehenengo ekitaldi publikoa egin du Lazkaoko EAJk, herrirako “proiektua” aurkeztu, alkategaiaren ildoak erakutsi eta aurre-kanpainari abiada emateko. “Lan oparoa egin da orain arte udalgintzan, eta segitzeko asmoz nator”, azaldu du Zubiarrainek. Felix Urkola gaur egungo alkatearekin tartekatu zuen hitzaldia, eta egungo udal zinegotzi eta alderdiaren herriko arduradunek babestu zuten, atzean jarrita. Goierriko alkate eta agintari jeltzale gehienak elkartu ziren, Arerian.
Alkate aukeratzen badute, Lazkaoko Udalerako zer giltza dituen aurreratu du Zubiarrainek: “Kalitatezko zerbitzuak, herri garbia eta kultura, aisia eta kirol eskaintza zabala behar dira. Baina horiek ezin dira denboran luzaro eutsi, enpleguaren eta jarduera ekonomiaren apusturik egiten ez badugu”. EAJren ideario orokorrarekin bat eginez, “ardatza, pertsona” dela gaineratu du: “Herri solidarioa behar dugu, eta elkarbizitzak eta elkarrekiko errespetuak nortasun-ikur izan behar dute”.
Udalgintza-proiektuaren oinarrian hiru kudeaketa-kontzeptu jarriko dituela hitz eman du: “Elkarlana, kudeaketa arduratsua eta gardentasuna. Lazkao elkarlanean hazten ari da. Auzolanean lan isil bezain garrantzitsua egiten dute herritar askok. Ikastola dela, kirol eta kultura alorretan dela, edo behar gehiena duten giza-taldeekin. Txalotzeko lana da, balioa eman eta goraipatu beharrekoa. Horretan sinisten dugu, eta babes osoa izango dute gure aldetik”.
Enplegua eta ekonomia
Bestetik, Lazkao enpresentzat eta industriarentzat “erakargarri egin” behar da, Zubiarrainen aburuz. Orain arteko bizitza profesionala sektore pribatuko zuzendaritza karguetan egin duela oroitu du —zinegotzi agintaldi bat ere egin zuen, 1995-1999an—. “Goierri bailara industriala da, eta enplegu sortzaile nagusia industria da. Bestetik, merkataritzak eta ostalaritzak herri bizia sortzen dute, eta lehen sektoreak, sektore ekonomiko bat izateaz gain, gure mendiak eta bazterrak dotore mantentzen ditu.
“Goierri eredua” izendatu duena aldarrikatu du, “elkarlan publiko-pribatuan eta formazioan oinarritua”. Duela zenbait hamarkada abiarazitako eredua “lanarekin eta sinesmenarekin” garatu dela dio, “hasi” Goierri Eskolarekin, eta ondorengo Ikaslan, Goieki, Berrikuntza Gunea, Mondragon Unibertsitatearen campusa eta Goierri Valley aliantza aipatuz: “Eredu hori jarri izan ez balitz, gaur egungo Goierri ez zatekeen den bezalakoa izango”.
Lazkaon jaioa da Kepa Zubiarrain Erauskin, 1969an. Bertan bizi da, ezkonduta, eta hiru seme-alabaren aita da. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean. Lanean, Beasaingo Fundiciones Estanda SA altzairutegian jardun du, bizitza profesional osoan, duela gutxi arte. Azken 17 urteetan, finantza zuzendari izan zen. Arlo politikoan, lau urtean Lazkaoko zinegotzi izan zen, 1995etik 1999ra, orduan EA Eusko Alkartasunetik aurkeztuta. 2019ko udal hauteskundeetan, independente modura joango da EAJren zerrendaren buru.
Felix Urkola: “Lazkao eta Goierri ulertzeko modu bat da EAJ”
Gaur egungo alkate Felix Urkolak eskerrak eman dizkio Zubiarraini, “pausoa emateagatik”: “Gaur egun ez da erraza denbora eta esfortzua herrigintzari eskaintzea. Ziur zaila dela, baina merezi du”. Laguntza eta babesa eskaini dizkio. Udal hauteskundeak atzotik 130 egunera direla gogorarazi du Urkolak; “eta 150 egun barru, alkate makila ematea tokatzen zaidanean, ziur Kepari emango diodala”.
EAJren ildoa sutsu defenditu du Urkolak. “Abertzaletasuna eta humanismoa dira giltzak. Herrigintzak aurpegiak eta begiak behar ditu, eta pertsona jarri behar da erdigunean. Lazkao, herri atsegina, txukuna, garbia, zaindua, zerbitzu zabalak dituena, solidarioa eta euskaraz bizi nahi duena da. Nahi dugu pertsonek esatea hor bizitzeak merezi duela”. Aurkezpen ekitaldia euskaraz eta gaztelaniaz egin zuten —gehiena euskaraz—, aurkezle baten galderei erantzunez.
Alkate lau urte izatea herri baten historian “anekdota” dela iritzi dio Urkolak. Aurreko agintaldiaz (2011-2015, EH Bildu gobernuan egon zenekoa) erreferentzia bat egin du Urkolak: “Pentsatzea guztia norbera iritsi denean hasten dela, eta proiektu bat ez edukitzea, horrek min eman diezaioke herriari. EAJk proiektu bat badauka Lazkao, Gipuzkoa eta Euskadirentzat. Lazkao eta Goierri ulertzeko modu bat da EAJ”.
Bukaeran, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek hartu zuen hitza. “Bere historia osoan, gure herriarekiko benetako konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa mantendu duen alderdi bakarra gara. Pertsona erdigunean jarri izan dugu beti, eta hori ezin dezakete denek esan; batzuek, iragan hurbilean, pentsatzen zuten proiektu batzuk pertsonen gainetik zeudela”, esan du Egibarrek.
Mokadutxo batekin bukatu zen EAJren alkategaiaren aurkezpen ekitaldia. Orain, hautagaitza-zerrenda osatzea dagokiela aurreratu du Zubiarrainek: “Talde sendoa eta konprometitua sortuko dugu”.