Euskal Pirinioko jai-errituak ikertzeko izendatu dute 2019ko Barandiaran Beka
Barandiaran Fundazioak 10.000 euro eman ditu, etnologiarako. Sei proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara. Jose Antonio Perales da bekaduna; ‘Hiru behien zerga’ edo Mugen Festa aztertuko ditu
Barandiaran Fundazioak abenduaren 26an ebatzi zuen 2019ko Barandiaran ikerketa beka nori eman, eta aste honetan jakinarazi dute erabakia: Jose Antonio Perales Diaz antropologo iruindarrak jasoko du 10.000 euroko hornidura duen enkargua. Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak gaia landuko du.
Sei proiektu aurkeztu dituzte ikertzaileek aurtengo deialdira. Etnologia diziplina zehaztu du fundazioak ikergaitzat. «Oso ikerketa gai desberdinak proposatu dira deialdi honetan. Hautaketa egiterakoan, gai aldetik interesgarria iruditu zaigu sarituarena, eta aurkeztutako proposamena oso argi azalduta eta garatuta dago», diote epaileek.
Hain zuzen, eskarmentu handiko ikertzailea da Perales. Kazetaritzan lizentziaduna eta Gizarte Antropologian doktorea da. Mendebaleko Pirinioko mugez eta estraperloaz egin zuen tesia. Prentsan lan ugari argitaratu ditu, batez ere Nafarroako herrietako etnologiaz eta ohiturez. Zuberoako espartin lantegietara joaten ziren emakume langileez (enarak deituak) Les Hirondelles dokumentala ekoitzi zuen, eta Fronteras y contrabando en el Pirineo occidental liburua idatzia du (Nafarroako Gobernua, 2004).
Ondare immateriala jaso
Euskal Pirinioko jai-ohiturak bilduko ditu ikerketan Peralesek. «Batez ere, mendebaldeko Pirinioko mugaldeko ondare immaterial aberatsa hobeto ezagutzen lagundu nahi du ikerketak. Nazioarteko banalerroko jai-erritu multzo bat aztertzea da nire asmoa», dio Peralesek, beka jasotzea ohore handikotzat jota.
Ipar eta Hego Euskal Herriko bizilagunek parte hartzen duten festetan zentratuko da; Hiru behien zerga deritzona edo Mugen Festa aipatu ditu. Behaketa, elkarrizketak eta artxibo nahiz bibliografia araketa egingo ditu.