'Satto' Legorretako Antzokira
Urtebetez, Legorretako Herri Antzokian kultur egitarau oparoa antolatzen aritu dira eta balorazioa «positiboa» izan da. 2019an eskaintza potentearekin datorrela aurreratu dute.
Herri txikia izatea ez dago ekintzailetasunarekin lehiatuta, eta legorretarrek beste behin ere erakutsi dute hori. 2016an inauguratu zuen udalak Herri Antzokia, eta, bi urtean lehen pausoak eman ondoren, 2018an hartu du indarra. Azken urte honetan, ekitaldi programazio bikaina antolatu dute, eta 2019a ere bide beretik etorriko da.
Legorretako Herri Antzokiko azpiegiturak berritu ondoren, espazio horri erabilpen integrala ematen hasi zen udala: «Mota desberdinetako ikastaroak, tailerrak eta bestelakoak ematen ziren bertan, eta gaur-gaurkoz ere ematen dira. Zinema emanaldiak ere bai. Hasieran, kontzerturen bat eta antzerki lanen bat programatzen genuen, baina harago jo zitekeela pentsatu genuen», jakinarazi du Iñigo Lasak, Legorretako Udaleko kultura zinegotziak. Hori horrela, kontzertu programazio bat osatzea pentsatu eta abian jarri zuten.
Hasiera hartan, Lasak berak hartu zuen ekimenaren ardura, eta Ander San Jose izan zuen bidelagun, Itsasondon bizi den hernaniarra. «Esne Beltza taldearekin muntatze lanetan aritzen da Ander, eta ederki ezagutzen du kontzertu eta ikuskizunen mundu hau. Bere laguntza oso garrantzitsua izan da honek guztiak aurrera egiteko», nabarmendu du. Lasa bera ere musikaria da, eta bazekien zein saltsatan ari zen sartzen. Dena den, erronkari heltzea erabaki zuten.
Satto elkartea
Udalak abiarazitako ekimena bada ere, iaztik, Satto elkarteak darama Herri Antzokiko programazioa. «Udalak herritar talde bati eman nahi zion Herri Antzokiko programazioa kudeatzeko ardura, eta lantalde potente bat dago gaur egun honen guztiaren atzean», azaldu du Lasak.
Satto elkartea izenaren atzean, hamahiru legorretar dabiltza lanean, tartean, hasiera-hasieratik proiektu honetan sartu ziren Lasa bera eta San Jose. Gainera, Satto izena jartzeak ere badu zergatia: «Euskaldunen eta islandiarren artean XVII. mende inguruan merkataritzan aritzen zirenen artean sortutako hizkuntzatik dator. Satto hitzak zatoz esan nahi zuen», jakinarazi du Lasak.
Egitarauari dagokionez, elkartea osatzen dutenek erabakitzen dute. «Herritar guztiengana eta inguruko herrietan bizi direnengana iritsi nahian osatzen du-gu». Hori horrela, «adin tarte desberdinak eta gustu musikalak» kontuan hartzen dituzte, «ahal dela, publiko espektro zabalenera iritsi ahal izateko».
Gogotik saiatzen ari badira ere, beti ez da uste bezain erraza. 2018ko balorazio orokorra «positiboa» bada ere, gazteengana iristea kostatzen ari zaiela aitortu du, «nahiz eta haiengan pentsatuta hainbat talde ekarri».
Bestalde, hausnartzen aritu diren beste gaietako bat sarrerak ordaintzearena da. «Publikoaren parte handienak ondo jaso du sarrera ordaindu behar izatea. Kultur eskaintza potentea ekartzen ari gara, eta, gainera, aukera desberdinak eskaini ditugu, abonua, esaterako, are merkeago ateratzeko. Sarrera ordaindu behar izateak kulturarekiko errespetua adierazten du, eta hori ere oso garrantzitsua dela uste dugu», nabarmendu du.
Neguko egitaraua
2018an, talde asko eta asko igaro dira Legorretako Herri Antzokiko oholtzatik, eta 2019rako ere egitarau oparoa eskainiko dute. Neguko egitaraua prest dute dagoeneko. Otsailaren 3an, Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa saioa egingo dute, eta otsailaren 24an izango da hurrengo kontzertua; Nogen eta Serrulla taldeak izango dira bertan. Martxoaren 24an, berriz, Dantza filma izango da ikusgai, eta, ondoren, filmaren egileekin solasaldia egingo dute. Apirilaren 12an eta 13an, berriz, Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia izango da. Horrez gain, ostegun eta igandeetan zinema izango da, Ostegunetako Zinea taldearen eskutik.