Goierriko bi proiektu daude Landaola sarietako hautagaien artean
Landa garapeneko proiektuei aitortza egiteko asmoz, Landaola Sariak banatuko dituzte urtarrilaren 31n. Goierriko Nekazal Kooperatiba eta Bertatik Bertara egitasmoa daude hautagaien artean.
Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, Landaola Sarien II. ekitaldia egingo du hilaren 31n, Itziarko Burugorri eraikinean. Sari horiekin, landa garapeneko proiektuei aitortza egin nahi zaie. Hiru arlotan banatuko dituzte sariak: Erakunde pribatuak, publikoak eta aurten sortu duten Landa Eremuko Emakumeen Saria. Goierriko bi proiektu daude izendatuen artean.
Erakunde pribatuen arloan, Goierriko Nekazal Kooperatiba izendatu dute, Ordiziako dendan egin duen berrikuntza dela eta. Ehun urte betetzear den proiektua da, eta etorkizunean “betiko iturri zaharretik” edaten jarraitzeko asmoz, “gogoeta estrategiko batean murgilduta” daudela azpimarratu du Landaolak.
Erakunde publikoen artean berriz, Uggasak eta Goierriko zazpi udalek bultzatutako Bertatik Bertara egitasmoa dago. “Eskualdeko landa inguruneko produktuen komertzializazioa” errazteko sortutako proiektu honi esker, “eskualderako estrategia propioa” sortu dutela azpimarratu du Landaolak, eta “sektorean ilusioa pizteko hainbat ekintza” antolatu dituztela. Horietako batzuk dira sektoraren diagnosia, ikastetxeetako jangeletan bertako produktuak erabiltzeko esperientzia pilotua, edota baserritar taldearen dinamizazioa.
Bi aipamen
Aipatutako sariez gain, beste bi aipamen ere emango ditu Landaolak. Aurrenekoarekin, landa eremua sustatzen duten erakunde nahiz pertsonek egindako urtetako ibilbidea errekonozitu nahi dute. Bigarrenarekin berriz, landa eremuan emakumeek egindako lana sarituko dute.