Lilatoia probarako taldean egingo dituzte entrenamenduak Lazkaon
Emakumezkoen lasterketa prestatzeko zazpi lan-saio egingo dituzte, ordubetekoak. Astearteetan ariko dira, Maite Arraiza korrikalariarekin. Gaur dute lehenengoa.
Martxoaren 10ean Donostian jokatuko den Lilatoia lasterketak 30. urteurrena beteko du. Emakumeentzat antolaturiko eta pentsaturiko herri krosa da, 5 kilometrokoa. Emakumeek ere kirola egin dezaten bultzatzeko eta kirolean berdintasuna lortzeko xedez sortu zuten.
Azkeneko urteetan, Goierritik ere geroz eta erakarmen indar handiagoa lortu du Lilatoiak, eta askoren erreferentzia bihurtu da. Hala, Lazkaoko Udalak bat egin du lasterketaren izaerarekin eta helburuekin, ostiralean agiri batean esan zuenez. Aurrez, eta Lilatoian irtetera animatzeko, entrenamendu-programa bat sortu du.
«Elkarrekin, taldean korrika hastea» da ekimenaren funtzioa. «Beldurrak gainditu eta emakume lazkaotarrak taldean Lilatoia lasterketan parte hartzera bideratu da egitasmoa. Korrika egiteko ohitura dutenak eta Lilatoian parte hartzeko asmoa duten emakumeak ere talde honetan parte hartzera animatzen dira», azaldu du udalak.
Zazpi entrenamendu saio
Talde bat elkartu, eta ordubeteko zazpi entrenamendu egitea da Lazkaon prestatu duten programa. Emakume guztiek parte har dezakete, Lilatoian irteteko adin muga gainditzen dutenek (14 urtetik gorakoak). Astearteetan egingo dituzte entrenamenduak, 18:00etan Barandiaran kiroldegian elkartuta.
Gaur hasiko dira, eta urtarrilaren 29an, otsailaren 5, 12, 19 eta 26an, eta martxoaren 5ean jarraituko dute.
Maite Arraiza korrikalariak gidatuko ditu entrenamenduak. Donostiarra berez, Lazkaon bizi da. Atleta iaioa da. San Silbestre egunean Lazkaoko krosa irabazi zuen emakumeetan, besteak beste. «Begirale honek zehaztuko ditu urratsak, eta orientazioa eta aholkularitza emango dizkie parte hartzaileei. Jarduera bere gidaritzapean egingo da: nola korrika egin, zenbat korrika egin, zein luzaketa egin…
Lilatoiko lan saioetan aritu nahi duten emakumeek, entrenamendu saioetara azaldu behar dute. Lasterketa martxoaren 10ean 10:30ean izango da (beroketa 09:40an), Donostian, 30 urte berdintasunaren sustraiak sendotuz lelopean. Izen-ematea irekita dago dagoeneko (lilaton.es/eu helbidean).
Ohiko izen-ematea 11 euro da, eta solidarioa 12 euro (euro bat esklerosi anizkoitzaren Gipuzkoako Ademgi elkartearentzat bideratuko dute). Otsailaren 26ra arte eman liteke izena.
Kirol arloan, junior (14-25 urte), senior (26-45), beterano (46-59) eta 60+ mailak bereiziko dituzte Lilatoian.