«Orain, irabazi ditudan titulu guztiak defendatu nahi ditut»
Zabaleta (Legazpi, 1964) Euskadiko eta Espainiako ziklo-kros txapelduna da. Gaztetxoa zela hasi zen eta etenaldi baten ostean ekin zion berriro. Gainditze istorioa da berea.
Noiz eta nolatan hasi zen zure harremana bizikletarekin?
Arreba zaharrenaren bikotekidearekin hasi nintzen 13 urte nituela. Bizikletan etortzen zen arreba ikustera eta nik txirrindua kentzen nion neu ibiltzeko. Zikloturista zen eta berarekin joateko gonbidapena luzatu zidan. Gaztetxoa nintzen eta burua hamaika tokitan nuen, bizikletak kirolean zentratzeko aukera eman zidan.
Zikloturistek lehiatzen hastera animatu ninduten. Aldapan gora bakarrik joaten nintzen ihes eginda, hortik Txipi ezizena. Jokin Matxinandiarenak jarri zidan, nora zoaz txipiron? esaten zidan.
Lehiatzen hasi zinen.
Bai, urte zailak izan ziren zaindu egin behar nintzelako, sufritu, entrenatu… Gaztetxoa nintzen eta sakrifizioa izan zen. Alabaina, lasterketak irabazten hasi nintzen. Oso ongi igotzen nituen aldapak eta mendian irabazi egiten nuen.
Urteak pasa ahala lanean hasi nintzen han eta hemen bizimodua ateratzeko, baina edonora nindoala ere, beti bizikletaz nindoan. 19 urterekin Kas taldean hartu ninduten eta jauzia handia izan zen jubeniletatik amateurretara pasa nintzenean.
Salto handia izan zela diozu. Zein zentzutan?
Erdibiderik ez dago, maila emateko gai zara edo ez zara. Nik mendiak ongi asko igotzen nituen arren, bigarren edo hirugarren egiten nuen esprintean ez nintzelako puntakoa. Hala, soldaduska egitera joan nintzen eta urtebetez txirrindularitza utzi nuen. Itzuli nintzenean lanaren eta bizikletaren artean hautatu behar izan nuen.
Zer aukeratu zenuen?
Lana. Erabaki zaila izan zen. Soldaduska etena izan zen ez bainintzen horrenbeste zaindu. Lanari ekin nion Alberdiren enpresan isolamendu leihoak jartzen, eta aldi berean bizikletan jarraitu nuen baina talde txikiagoetan. Itzuliren batera joan nahi nuenean lanean baimena eskatzen nuen. 1992an Espainiako txapeldunorde izan nintzen mendiko bizikletan. Garai hartan ziklo-krosa, mendiko bizikleta eta errepidekoa, denetarik egiten nuen.
Benetako etena beranduago iritsi zen.
28 urte nituenean nire enpresa sortu nuen eta bizikleta utzi nuen. Lanerako baino ez nuen astirik eta abuztuko oporretan egun batez edo bestez soilik ibiltzen nintzen txirrinduan. Bizikleta faltan emateko tarterik ere ez nuen. Nire enpresa sortzea aldaketa erradikala izan zen.
Nolatan itzuli zinen?
Krisia dela eta, 2008an, beste enpresa batek zor handia utzi zidan eta depresioa nozitu nuen. Hortzak eta haginak erori zitzaizkidan. 48 urte nituen eta mediku batek kirola egiteko gomendioa egin zidan. Orduan itzuli nintzen bizikletara. Lehenengo urtean Udana ere ezin nuen igo oina lurrean jarri gabe, baina ez nuen etsi.
Iñaki Lizarazurekin ibiltzen nintzen eta ibiltzen naiz. Hark animatu ninduen, bigarren bizitza honetan, berriro lehiatzera. Hala hasi nintzen. Lehenengo lasterketan hirugarren egin nuen, bigarrenean bigarren.
Egindako etenak iraun bitartean txirrindularitza asko aldatu dela iruditzen al zaizu?
Ikaragarri aldatu da. Lehen kirolariak ez ziren horrenbeste zaintzen, zer jan, zer egin… Orain informazio askoz gehiago dago.
Zuk diozun bezala, bigarren bizitzan lehian hasi zinela bost urte dira eta punta-puntan zaude orain.
2017an Espainiako bosgarren egin nuen ziklo-krosean beteranoen mailan eta maila onean nagoela konturatu nintzen, aurrez pentsatu baino maila hobean. Areago, Espainian irabazteaz gain, hango mugaz kanpo ere garaitu dezakedala. Iaz Mundialera joan nintzen eta maila handia eman nuen. Lehenengo aldia izan zen eta hasi berriaren akatsak eginda ere 30. egin nuen. Aurten ez naiz joan. Familiak beti lagundu dit, baina nekeza ere bada astebururo hara hona ibiltzea.
Euskadikoa eta Espainiakoa irabazi dituzu.
Baita Gipuzkoakoa ere. Espainiakoa beteranoen maila osoan irabaz nezakeen, baina zorte txarra izan nuen bizikletarekin; bigarren txirrinduarekin atera behar izan nuen eta hura ere matxuratuta zegoen. Nolanahi ere, Espainiako rankinean bigarrena naiz kategoria osoan.
Aurrera begira zer duzu esku artean?
Jarraitzea. Orain, irabazi ditudan titulu guztiak defendatu nahi ditut. Ziklo-kros munduan giro on-ona dago, familia modukoa osatzen dugu.