Ordizian eta Beasainen trenbidea tokiz aldatzeko azterketa egingo dute
Ordizia-Beasain trenbide saihesbidearen oinarrizko proiektua kontratatzeko deialdi publikoa egin du Sustapen Ministerioak berriki. Goierriko bi herrien partetik aspalditik egindako eskaria da, eta begi onez hartu dute erabakia.
Ordiziako Udalak «oso positiboki» baloratu du trenbidea N-1 errepide aldera eramako asmoa. Hori horrela, «herria bitan zatitzen duen traba fisiko nagusia desegiteak aukera berriak» eskainiko dituela azaldu du Jose Migel Santamaria alkateak, eta «ordiziarren ongizatea eta bizitza kalitatea bultzatzen eta hobetzen segitzeko» balioko duela.
Trenbidea lekuz aldatzeko, San Bartolome auzoa eta Agarreko eremua herrigunean integratzeko azterketa egitea da lehen pausoa. Gaur egungo trenbidearen 1.900 metroko ibilbidea aldatzeko, N-1 errepidearen ondora eramatea da proposamena. Horrek, 1.600 metro berri eta 260 metroko tunela eraikitzea ekarriko ditu, tren geltokia tokiz aldatzeaz gain.
Ordiziarentzat aukera
Gaur-gaurkoz, trenbideak «egitura urbanoa zatitu eta garapen urbanistikoa» baldintzatzen duela ere esan du, eta «traba urbano hori kenduta, auzoa Rezola pasealekuaren parean» jartzendela. Hala, Ordiziako Udala, bere eskumenen baitan, proiektua aurrera ateratzeko ahaleginean ari da.
Trenbidea tokiz aldatzeko aukerari buruzko informazio hau, gaur egungo tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko lanak burutzen ari direnean iritsi da. Aukera hori sortu zela eta ezin zela albo batera utzi dio alkateak, «egiteko beharra dugulako eta jakinda trenbidearen toki aldatzea ez dela berehala egingo».
Geltokiko lanak irailean hasi zituzten. Lanen helburu nagusia, trena erabiltzen dutenentzat irisgarritasuna hobetzea da eta etxolak ere berrituko dituzte. Lanak 12 hilabetez luzatuko direla aurreikusten dute.