Bellota da estatu mailan Bidezko Egurra zigilua lortu duen enpresa bakarra
Estatu mailan ez dago zigilu hori duen beste markarik. Ingurumenarekiko duten konpromisoaren isla dela diote Bellotatik. Egun Venanpri Group-en barruan dago
Bidezko Egurra zigilu edo egiaztagiriaren helburua da basoen kontserbazioa sustatzea eta, bide batez, tokian tokiko komunitateen bizi kalitatea hobetzea bertako baso baliabideen erabilera arduratsua oinarri hartuta. Legazpiko Bellota Erremintak enpresak zigilua lortu duen estatuko enpresa bakarra da. Zigiluak emandako uzta da azken katalogoan bidezko egurrezko kirtenak dituzten hiru aitzur sartu izana.
Bidezko Egurra plataforma Garapenerako Merkataritza Fundaziotik (COPADE) sortu zen. Hasieran, 2007an, sentsibilizazioa sustatzeko plataforma izan zen; batik bat, baso sektorean irizpide sozialak integratzeko baliabidea. Urteen poderioz lanerako plataforma bilakatu da eta baso arloko bidezko merkataritzako lehenengo ziurtagiria sortu dute. Nolanahi ere, hasierako helburuei eutsi diete. Hain zuzen, bidezko merkataritzaren oinarriak aintzat hartuta, basotik datozen produktuen kontsumo arduratsua sustatzea dute helburu.
Produktu berriak
Bellota Erremintak enpresak ingurumenarekiko duen konpromisoaren isla da Bidezko Egurra ziurtagiria lortu izana, «gure produkzio prozesuek eta produktuek konpromiso horrekin bat egiten dute», diote Bellotatik. Finean, ziurtagiriak erreminten heldulekuak fabrikatzeko erabiltzen duten egurraren «kustodia katea» bermatzen du, alegia, bidezko egurra erabiltzen ari direla.
Konpromisoa harago doala azpimarratu dute, «COPADE-rekin eta Bidezko Egurrarekin batera proiektuak garatzen ditugu ziurtagiria izango duten produktu berriak sortzeko. Hala, basoen kontserbazioa eta garapen bidean dauden herrialdeen bizi kalitatea hobetzeko gure alea jartzen dugu».
Bellota Erremintak Venanpri taldearen barruan dago
Patrizio Etxeberriak aurreko mende hasieran sortutako erreminta fabrika Venanpri Group-en barruan dago egun, hain zuzen Venanpri Tools sekzioan. Sekzioak Bellota, Corona eta Burgon&Bal markak hartzen ditu.
Esku erremintak produzitzen dituzte; eraikuntzarako, nekazaritzarako eta lorezaintzarako.Taldeak lantegiak ditu AEBetan, Danimarkan, Mexikon, Kolonbian eta Indian. Taldeak 1.496 laguneko lan taldea dauka, 11 marka erregistratu ditu eta 18.000 erreferentzia jasotzen ditu bere katalogoak, zeinak 150 herrialdetan saltzen diren.
Legazpiko Bellota Erremintak lantegian 150-160 lagunek lan egiten dute produkzioan. Bertan aitzurrak, paletak zein mailuak ekoizten dituzte.