Goierrik %76,1eko bereizte tasa izan du hondakin bilketan iaz, gora segita
Herrietan bildutako kopurutik, 257.000 kilo zabor gutxiago joan da zabortegira, 2017an baino. Gehiago sortzen da, hala ere: 353.000 kilo gora. Oro har, 30 milioi tona sortu dira
Bereizita jasotzen diren hondakin moten kopuruak goranzko joerari eutsi zion 2018an. Sasieta Mankomunitatearen bilketa zerbitzuak guztira 21,9 milioi kilo hondakin jaso zituen Goierriko 23 udalerrietatik iaz; horietatik %76,1 gaikako bilketari zegozkion (16,7 milioi kilo), eta gainontzeko %23,9 zabortegira bideratu ziren zuzenean (5,2 milioi), errefusa edo traste zahar birziklaezinak zirelako. Aurreko ekitalditik puntu eta erdi egin du gora gaikako bilketak: 2017an %74,5 zen; 2016an, %61,7.
Bildu den hondakin kopuruak ere pisuan gora egin du, 2017tik 2018ra: 353.000 kilo gehiago. Hala eta guztiz, zabortegira joan dena (herrietako bilketatik) 257.000 kilo gutxiago da. Bereizita jasotakoa igo da, nabarmen: 611.519 kilo gehiago.
Herriei dagokienez, 10 udalerrik lortu dute eskualdeko bataz bestekoa baino bereizte tasa handiagoa. Ormaiztegik du datu onena, %88,6ko tasarekin, gertutik Arama duela (%86,1). %70etik behera dauden herri guztiak biztanle gutxienekoak dira; Arama salbuesten da.
Sasietak, herrietako bilketaz gain, beste bi hondakin iturri ditu, gaur egun: Urretxuko, Beasaingo eta Ordiziako Garbiguneak, eta industrialdeak. Industri eremuetako hondakin kopuruak gora egin du azkeneko urtean, eta 3 milioi kiloren muga gainditu du, lehenengo aldiz. 2017an 2,9 milioi kilo izatetik, iaz 3,1 milioira.
Industrialdeetatik gehiena, gainera, zuzenean zabortegira joaten da: 1,9 milioi, birziklatzera bideratutako 1,2 milioi kiloen aldean.
Garbiguneetan, denera 5 milioi kilo hondakin jaso zen: 4,3 birziklatzera, eta 635.000 kilo zabortegira joan ziren handik.
Geroz eta hondakin gehiago
Sasietak kudeatu duen kopuru guztia 30 milioi kilokoa izan da, lehengo urtean. Biztanleko 433,12 kilo da hori, azken bost urteetako gehiena: 2017an 419 kilo biztanleko, 2016an 408, 2015ean 406, 2014an 401 eta 2013an 401 sortu zen pertsonako Goierrin.
Zabortegira pertsonako bideratzen den zabor kilo kopurua beherantz doa: 2012an 282 kilo joan ziren, iaz 112 kilo.
DATUAK:
316
Kilo biztanleko.
Goierritar bakoitzak iaz 240,4 kilo hondakin sortu zuen (herrietan bildua): 90,3 kilo biohondakin, 70,4 errefus, 46,7 ontzi arin, 38,7 paper-kartoi, 36,3 beira edota 5,6 arropa.
433,12 kilo biztanleko. Garbiguneetan eta industrialdeetan jasotakoa batuta, Sasietak biztanleko 433,12 kiloko tasa du. Ez da maximo historikoa (2011n 461,5 kilo), baina 2014tik %8 igo da.30
Milioi kilo guztira.
Goierriko 23 udalerrietan, hiru Garbiguneetan eta industrialdeetan denera 30.098.714 kilo hondakin bildu zen 2018an.