Larraitz Urrestilla: «Helburua gizatasuna presente izango duen lidergoa garatzea da»
Larraitz Urrestilla (Urretxu, 1976) coach-a eta mindfulness irakaslea da. ‘El lider mindful’ liburua argitaratu du. Helburua gizatasuna aintzat izango duen lidergoa sustatzea da.
Zein ikasketa egin zenituen?
Zuzenbidea ikasi nuen, ideia erromantiko batekin: jendearen arteko gatazkak konpontzen laguntzea. Abokatu bulego batean lan egin nuen eta gauzak ez zirela nik nahi bezala ikusi nuen: bestearen aurka joatea da joera, gauzak konpontzen saiatu beharrean. Nire nahia gatazketan laguntzea zenez, enpresa mundura jotzea erabaki nuen. Horretarako, Madrilera joan nintzen Giza Baliabideetan espezializatzera. Geroztik, enpresa munduan lan egin dut, pertsonen arloan. Hasieran giza baliabideen zuzendaritzan eta ondoren benetan gustatzen zaidana egiten.
Enpresetako giza baliabide sailak ez du oso ospe ona…
Lan baldintzak negoziatzea da lan horren arlo bat, bestea pertsonen garapena sustatzea da. Niri denetik egitea tokatu zait, baina gehien gustatzen zaidana garapena sustatzea da. Duela bederatzi urte, enpresa batentzat lan egin nuen azkeneko aldian, esperientzia txar bat eduki nuen eta nire kontura jartzea erabaki nuen. Ordutik, ikastaroak ematen ditut: lidergoa, konpetentzien garapena…
Inguru honetan aitzindaria izan zinen coaching munduan.
Hasi nintzenean, nire asmoa ez zen nire kasa lan egitea. Aholkularitza enpresetako ateak jo nituen, baina ez zuten oso garbi ikusi. Hori dela eta, apustua egin nuen. Ordutik, coaching-a asko hedatu da. Mindfulness-arekin antzeko zerbait gertatzen ari da. Duela lauzpabost urte mindfulness ikastaroak eskaintzen hasi nintzen eta inork ez zuen ezagutzen. Harrezkero boom bat egon da.
Zer da mindfulness-a?
Estresa murrizteko protokoloa izan da mindfulness-ari ateak ireki dizkiona. Baina beste gauza askotarako ere baliagarria da. Bizitzarako orokorrean. Estresatuta egon edo ez, mindfulness-a beharrezkoa den abilezia bat da. Egoera zehatz bat lortzea ahalbidetzen duen abilezia bat da. Egoera lasai bat, non gertatzen ari den guztiaz kontziente garen (bai gure barnean eta bai gure inguruan). Gaur egungo gizarte zoro honetan, abilezia hori entrenatzea geroz eta beharrezkoagoa dugu. Estimuluz inguratuta gaude eta gure arreta gauza batetik bestera saltoka bizi da. Horrek kontzentrazio arazoak sortzen ditu. Gauza batetik bestera pasatzeko ahalmena edukitzea ondo dago, baina sakontzen jakitea ere beharrezkoa da. Lehen bizitza gogorra zuten, baina egonean egoteko aukera ere bai. Egun exijentzia maila altua dugu. Denetik egiten jakin behar dugu eta dena bizilagunak baino hobeto egin behar dugu. Egin, egin eta egin eta egiten dugun guztia erakutsi. Zoratzekoa da.
“Mindfulness-a egoera lasai bat lortzea
ahalbidetzen duen abilezia bat da”“Denok gara liderrak, gure bizitza,
gure familia… zuzendu behar ditugu”
Eta zer da coaching-a?
Pertsona bati laguntzea arazo bat duenean edo mugatuta sentitzen denean. Mugak gainditzen eta helburuak lortzen laguntzen dugu. Nola? Solasaldiak, arakatzea, gorputzaren mugimenduak…
Enpresekin lan egiten duzu batez ere.
Nire helburua enpresak humanoagoak izatea da. Askotan enpresetan gizatasuna ahaztu egiten dute. Enpresak helburuak bete behar ditu bizirauteko eta, askotan, helburu horiek pertsonen gainetik jartzen ditu. Nire motibazioa horri buelta ematea da: pertsonak aintzat hartuz helburuak lor daitezke. Enpresek pertsonek egiten dituzte eta pertsonei zuzendutako gauzak produzitzen dituzte. Hori ezin dugu ahaztu. Are gehiago 4.0 industriaren garaian. Zerk egingo gaitu ezberdin? Gizatasunak. Zer eskaini dezake pertsonak makina baten aurrean? Gizatasuna.
Gustura dauden langileekin askoz ere errazagoa da helburuak lortzea.
Noski. Enpresek talentuarekin lotutako arazo handi bat dute: talentua behar dute. Langile azkarrak lapurtzen dizkiote elkarri. Nola erakarri eta mantendu talentua? Enpresa batean gustura banago, nire abileziak garatzen uzten badidate, fideltasuna areagotu egiten da.
Zein da argitaratu duzun liburuaren edukia?
Liburuaren helburua enpresa munduan beste lidergo mota bat garatzea da: gizatasuna presente izango duen lidergoa. Helburua ez da liderrak estresa kudeatzea, arreta entrenatzea, erabakiak hartzen jakitea… bakarrik. Baloreak, komunikazioaren garrantzia, berrikuntzen aurreko beldurra… aipatzen dira. Liburu praktikoa da. Ariketak proposatzen ditu. Ez dago enpresa mundura bakarrik zuzendua. Izan ere, denok gara liderrak: gure bizitza zuzendu beharra dugu.