Migrazioaren laborategia
Migrazioaren fenomenoa gehiago ezagutzea du helburu proiektuak. Gaur aurkeztuko dute Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan, 18:30ean.
Migrazioaren gaia aztertzeko laborategia martxan da Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan. Proiektuak hiru adar ditu. Bata erakusketa da, non XIX. mendeko Lehenengo Karlistadaren ondorengo Bergarako Besarkadarekin (1839) bat ez zetozen euskaldun ugari erbestera joan ziren; tartean, Jose Mari Iparragirre bardo urretxuarra. Bigarren adarra hezkuntzari dagokio eta LH6ko Ormaiztegiko ikasleak lanean ari dira jada; lau taldetan banatuta elkarrizketak prestatzen ari dira, elkarrizketatu guztiak immigranteak izango dira. Hirugarren adarra gaur aurkeztuko dute Zumalakarregi Museoan, 18:30ean eta gizarte proiektua da.
Museoko koordinatzaile Lourdes Azpiazuk azaldu duenez, «proiektu irekia da erabat, herritarren parte hartzearekin elikatuko dena». Abiapuntua «guztiok migratzaile» baieztapena da eta proiektuak fenomenoari hurbilketa egiteko xedea dauka, «lehen eta orain gure lurraldearen historia bera ere mugimendu migratzaileek egindakoa da. Harrigarria da gauzak denboran nola errepikatzen diren ikustea», azaldu du Azpiazuk. Areago, «Euskal Herriaren ezaugarrietako bat bere biztanleriaren mugikortasuna izan da», erantsi du.
Gaurko aurkezpenean herritarrek duten parte hartzea proiektuaren nondik norakoarentzat erabakigarria izango da, «jendearen aldetik dugun erantzunaren araberako ekintzak prestatuko dira, elkarlanean, parte hartzea oinarri». Hain justu, Monica Leivak sortzen diren ekintzak dinamizatzen lagunduko die; hala nola irakurgaiak, film emanaldiak eta bestelako jarduerak.
Migrazioak Zumalakarregi Museoaren laborategi gunearen lehenengo proiektua da, aurrera begira sortutako gune iraunkorra izango da, XIX. mendeko gure historiaren azterketatik abiatuta, egungo gaiez hausnartzeko grina duena.