Triatloia sustatzeko kanpaina babestu du Ordiziako Triatloi Taldeak
Kanpainaren helburua triatloia praktikatzen dutenak federatuta egoteak dituen abantailez jabearaztea da. Gaztetxoen artean triatloia sustatzeko asmoz, Triatloi Astea egin nahi dute
Urtarrilean zehar Gipuzkoako kiroldegi eta herrigune desberdinetan guztion bistara egongo dira Gipuzkoako Triatloi Federazioak egindako kartelak, triatloia sustatzeko planaren barruan. Kanpaina berri honen helburu nagusia triatloia gauzatu eta lizentzia lehen aldiz atera nahi dutenei informazioa helaraztea da. Gainera, triatloia oinarrizko kirol moduan ere indartu nahi dute kanpaina honen barruan. Goierrin, egitasmo honekin bat egin du Ordizia Triatloi Taldeak.
Kanpaina honen bidez, Triatloi Federazioaren barruan lizentzia izateak hainbat abantaila dituela jakinarazi nahi zaie triatloia praktikatu nahi dutenen pertsona guztiei. Gaur-gaurkoz, Euskadiko Federazioak antolatzen duen zirkuitoko lasterketetan parte hartu ahal izateko, derrigorrezkoa da federatu txartela izatea.
Horrez gain, federatuta egoteak beste abantaila batzuk eskaintzen ditu. Batetik, kadete eta junior mailatan aritzen direnei, lasterketetan parte hartzeko diru laguntzak ematen dizkiete. Bestalde, asegurua ere eskaintzen du federatu txartelak. Entrenamendu edo lasterketetan izandako istripuen aurrean babesten du aseguruak.
Informazio gehiago nahi dutenek, federazioaren webgunean sartu edota Ordiziako Triatloi Taldeko kideekin harremanetan jarri beharko dute.
Triatloia eskoletan
Triatloia gaztetxoen artean sustatu nahian, Ordiziako Triatloi taldeak Triatloi Astea antolatzeko asmoa du. Oraindik ekimen honen inguruan lanketa egin behar badute ere, «hitzaldiak, gonbidatu bereziak eta beste hainbat gauza antolatzea da asmoa», Ordiziako Triatloi Taldeko kideek jakinarazi dutenez.
Orain dela urte batzuk, Ordizian, akuatloia egin zuten hiru urtez, eskoletako haurrei zuzenduta. Triatloia sustatzeko kanpaina berri honen barruan, «ekimen hori berreskuratzea ere bada asmoa»