Haurrak eta gurasoak eskuekin elkar lanean
Irule eskulan elkarteak abian jarri du haurrak eta gurasoak elkarrekin eskulanetan aritzeko ikastaroa urtarrilean. Toki guztiak bete dira eta hainbatek errepikatu dute. Nagore Bengoetxea da irakaslea.
Nagore Bengoetxea (Legazpi, 1977) administraria da ofizioz. Ez zuen Arte Ederrik ikasi, baina bere zaletasunik handiena eskulanak egitea da eta Irule elkartean hasi zen 18-19 urte zituela. «Ikastolatik grina hori nuen arren, beti hartu dut afizio gisa, sekula ez ogibide moduan». Urteak egin ditu jada Irule taldeak Udal Euskaltegia dagoen eraikineko ganbaran puntuan, bordatuetan, altzari zahar-berritzean zein margolaritzan lanean. Tarte horretan, Domingo Agirre ikastetxe publikoko eskolaz kanpoko ekintzen barruan gurasoak eta haurrak elkarrekin eskulanetan aritu zitezen ikastaroak egin ditu. Hari horretatik eta aukera legazpiar guztiei zabaltze aldera, duela hiruzpalau urte Iruleko egoitzan eskulan ikastaroa egiten dute haurrentzat eta gurasoentzat, beti negu partean.
Aurtengoa urtarrilean martxan jarri dute eta toki guztiak bete dira. Zenbait parte hartzailek errepikatu egin dute aurretik ere egina dutelako ikastaroa, eta horrek bereziki pozten du Bengoetxea. Ikastaroaren bi oinarriak dira, alde batetik gurasoek haurrekin lanean ordubete pasa dezatela ,eta bestetik materialak berriro erabiltzeko aukera ematea. «Kartoiekin edo esne kaxekin denetarik egiten dugu. Etxean ditugun gauzak erabili eta bota beharrean berriro erabil daitezkeela transmititzen diet». Ideiak semeekin esperimentatuta datozela dio, «Internetetik ere hartzen ditut eta gero nire ukitua ematen diet», dio Bengoetxeak. Edonork zapata kaxa bat ikusten duen tokian berak, esate baterako, futbolina ikusten du.
Martxoan amaituko dute HH5 eta LH1 mailatako ikasleen eta gurasoen arteko elkarlana hauspotzen duen ikastaroa. Udan haur helduagoekin arituko da Bengoetxea, gurasorik gabe.