Hil beltzak izenari ohore eginez, eguraldia ilun
Arbolak landatzeko ez ezik txertatzeko garaia ere badenez, erretxina ja salgai da. Arbola landareak Dorronsorok ditu Juan Amezketa kalean, erretxina Zurutuzak plazan bertan.
Negu beteko eguraldia, hezea eta haizetsua. Kanpoan erosketak egiteko lagun onak ez badira ere, hotzik behintzat ez zen eta gaitzerdi.
Arbolak landatzeko garaia dela esan genuen urtea hasi eta laster, txertaketak egiteko ere hilabete hauek baliatu behar dira. Arantxa Zurutuza aramarrak urtero bezalaxe txertoak egiteko erretxina ekarri du, 6 euroan kilo laurdeneko potea eta 10 euroan kilo erdikoa. Etxean aitak erakutsitako moduan prestatu ohi dute. Txertaketa lanaz, berriz, Justo Dorronsoro, Juan Amezketa kalean aurkituko dugun arbola landare saltzailea aritu zaigu. Frankoa eta M106 izeneko patroiak omen dira gehien saltzen direnak «sagardo sagarrak lortzeko»; «handi egiten ez diren arbolak lortu nahi dira, kimatu litezkeenak, eskura ibiltzeko egokiak nahi ditu jendeak. Lehengoak handiagoak ziren, eta egurra izaten zuten». M horren adieraz galdetuta, «‘Madre’-tik dator. Arbola ipurditik ateratzen den adaxka zain txiki eta guzti hartu, eta horri esaten zaio patroia». Mundu bat da txertoen kontu hau, luze joko luketen azalpenak ahal bezain labur eta argi azaltzeko tartea hartu du Dorronsorok.
Etxabe tokiz aldatu da
Andres Etxabe legazpiarrak 10 urtetik gora daramatza Ordiziara etortzen. Plazaren goiko aldean, Goen aldeko izkinan jarri ohi da azken urteetan. Hasierako lekutik oso gertu da berriz ere. Bere tokia utzi berri duen Juanita Lazkanoren lekuan topatuko dugu aurrerantzean.
Esnea erosiz beraiek Urretxuko Mugitegin duten gaztandegian egindako ardi eta behi gazta du salgai, baita gazta zaharra potetan ere. Postu berean Mahala produktuak, irasagar dultzea, txarkuteria, zuzenean ekoizleei erositako Pirinioetako eta Txorierriko eztia edota Bermeoko kontserbak ere topa ditzakegu.
Legazpiko saltzaileari urte hauetan ferian bizitakoaz zer azpimarratuko lukeen galdetuta, «egun batzuetan feria hobeak nahiko genituzke, baina bereziki gazteei egingo nieke deia, hemen gutxi ikusten da» aipatu du.
Hor geratzen da Etxaberen nahia, norberak ezingo balu ere bitartekariren bat aurkitzea ez da zaila izango, asteazken goiza azoka giroan pasatzea plan ederra bai da.