Mus maratoia asteburuan da
Euskal Herriko 11. Mus Txapelketarako herri kanporaketak bederatzi herritan jokatuko dira, asteburuan. Gipuzkoara sailkatuko dira.

–Aimar Maiz
Benetako mus joko sukarra zabalduko da, asteburu honetan, Goierrin. Euskal Herriko 11. Mus Txapelketako herrietako kanporaketa gehienak bihar, etzi eta igandean jokatuko dira. Bederatzi herritan antolatu dituzte: Beasain, Gabiria, Itsasondo, Lazkao, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zumarragan.
Herri bakoitzeko ohituren arabera izango da jokoa, lau edo zortzi erregera. Sariak ere bakoitzak jarri ditu. Itsasondon xanpainak eta ardoak; Seguran txapelak eta sariak. Beasainen txuletak eta gazta… Sarrera berdina da denetan: 20 euro bikoteko.
Zumarragan, Pello Zaldua zenaren omenez da musa. Ekainean hil zen ezkiotarra, Izazpi mendian. Muslari iaioa zen. Lazkaon, afaria egingo dute, aurrez.
Orain arte, lau herritan egin dituzte kanporaketak: Mutiloan, Idiazabalen, Araman eta Ataunen. Gipuzkoako finalera (Zaldibian, otsailaren 23an) sailkatuko dira bikoteak; partaidetzaren arabera, bat, bi edo hiru.
Parte hartze apal samarra izan da orain artekoetan, bospasei bikoterekin. Itsasondokoa atzeratu egin zuten, lehengo jaian. Asteburu honetan, ugaritzea espero da.