San Blas izena duen 'axaria'
Idiazabaldarrak prest daude San Blas jaietarako. Asteburuan izango dituzte lehenengo ekitaldiak; txistularien alardea, danborrada eta krosa, besteak beste.
Egunotako eguraldi ilunak ez ditu idiazabaldarrak ikaratzen, ondo ohituta baitaude dagoeneko. Axariaren jaitsiera datorren ostiralean, otsailaren 1ean, egingo dute, baina asteburu honetan hasiko dira festen bueltako lehen ekitaldiak. Larunbateko txistularien alardea, eta igandeko herri krosa eta haurren danborrada izango dira nabarmenenak.
Larunbatean, etzi, ekingo diote aurtengo San Blas jaietako egitarauari Idiazabalen. Aipatu bezala, jaiak ofizialki datorren asteburuan egingo dituzte, baina larunbatean eta igandean ere egitarau bete-betea izango dute. Larunbatean, Compac Sporting plater hausketa saioa egingo dute. San Inazio auzoko Mendigorria kanpan izango da hitzordua, Otsoa Elkarteak antolatuta.
Arratsaldean, Kantu Jira taldeak emanaldia egingo du eguneko zentroan. Hori, 16:00etatik aurrera izango da.
Txistularien alardea
Larunbatean egingo duten ekitaldi nabarmenena txistularien alardea izango da. Ohi bezala, ekitaldi nagusiaren aurretik, txistulari ohien kalejira egingo dute. Herriko kaleak beraz, txistuaren doinuek beteko dituzte beste behin ere. Ondoren, Zelaa kiroldegian, Birigarroa Txistulari Taldearen eskutik, idiazabaldarrek hainbeste maite duten ekitaldia eskainiko dute. Aurtengoa 26. edizioa izango da eta beste behin ere, emanaldi oso betearekin datoz.
Ohi bezala, txistulariek beste hainbat talderen laguntza izango dute; Euskal Herriko txistulariak, Parrokiako abesbatza, Kantu Jirako lagunak, musika eskolako ikasleak, Axari dantza taldea, gazte danborradako konpainia, herriko txalapartariak eta gonbidatu bereziak ere izango dira.
Haurren danborrada
Idiazabalgo jaien barruan, haurren danborrada da beste ekitaldi kuttunetako bat. Kepa Oiarbide izan da, beste behin ere, danborrada antolatzeko ardura izan duena. Orain dela 24 bat urte hasi zen ekitaldi honen antolakuntzan, beste herritar batzuen laguntzarekin. Aurten gainera, danborradaren 38. urteurrenarekin batera, jaietako pregoia irakurri beharko dute. Danborrada modu oso berezian bizi badute normalean, aurtengoan, hare bereziagoa izango da.
Haurren danborradan, 3 eta 11 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute eta 200dik gora herritar atera ohi dira. Idiazabal bezalako herri txiki batentzat, kopuru handia da hori.
Hitzordua, igandean izango da eta arratsaldean, 17:00etan aterako dira kalejiran, herriko kaleetan barrena.
Krosa igandean
Igandeko herri krosa ere, haurren danborradaren antzera, urte mordoska dituen ekitaldia da. Aurtengoa 39. edizioa izango da, eta parte hartu nahi dutenak denboraz dabiltza oraindik. Bihar, ostirala izango da internet bidez izena emateko azken eguna. Bi txandatan aterako dira; haurrak 10:45ean eta kadeteak eta helduak 12:00etan.
Izena emateko, rockthesport.com webgunean sartu beharko dute parte hartzeko asmoa dutenek. Dortsalak Idiazabalgo plazan jaso daitezke, krosaren egunean bertan, igandean alegia, 11:30a baino lehen. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Dena den, antolakuntzak jakinarazi du aldez aurretik ematea komeni dela, egunean pilaketak sor ez daitezen.
Asteburuko egitaraua:
Larunbata
· 10:00. Plater hausketa saioa
· 10:00. KantuJiraren emanaldia.
· 19:30. Txistulari ohien kalejira.
· 20:00. Txistularien alardea, 26. urteurrena. Birigarroa txistulari taldeak antolatuta.Igandea
· 10:45. Haurren herri krosa.
· 12:00. Kadete eta helduen herri krosa.
· 17:00. Haurren danborrada.
· Ondoren: Futbito txapelketa