Eskolako jolastokia berritzea izango da Legorretako Udalaren inbertsio nagusia
Legorretako Udalak 2019 urterako 1.750.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino 100.000 euro gehiago. EH Bilduren bost aldeko bozkarekin onartu da; EAJko lau zinegotziak abstenitu egin dira.
Legorretako Udalak 1.750.000 euroko aurrekontua du 2019rako, iaz baino 100.000 euro gehiago. EH Bilduren bost aldeko bozkekin atera zuten aurrera aurrekontua abenduan egindako osoko bilkuran. EAJko lau zinegotziek abstentziora jo zuten.
Aurtengo aurrekontua handiagoa izatearen arrazoia «uren kudeaketa» izan dela jakinarazi du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak.
Gizarte gaiak
Urtez urte, «Legorretako Udala saiakera egiten ari da gizarte ongizatea hobetzeko», Amenabarrok adierazi duenez; aurten, 94.700 euro izango ditu Gizarte sailak, iaz baino 10.000 gehiago. «Prebentzioa, sentsibilitatea eta laguntzak izango dira oinarria». Berdintasun arloari dagokionez, «beste pauso bat ematea erabaki da», eta 15.000 euro jarri dira teknikaria kontratatzeko, «berdintasun politika egonkorrak garatu ahal izateko».
Inbertsioak
Inbertsioen atalean, «eskolako jolastokia berritzea izango da apustu garrantzitsua». Berdintasun sailak bultzatuta, 2018ko udazkenean gogoeta prozesu bat egin zuten udal ordezkari eta teknikariek, eskolako irakasleek eta gurasoek elkarrekin, umeek eskolako patioan jolasteko dituzten mugez eta aukerez.
Hausnarketa eginda, «ondorioztatu da aukerak baino gehiago mugak dituztela umeek, eta genero rolak erreproduzitzen direla bertan: mutilek errazago hartzen dute espazioa, eta neskek joera handiagoa dute bazterretara jotzeko. Hori eraldatzeko, jolastokia eraldatzea izango da gakoa, patioa bera elkargune izan dadin», esan du Amenabarrok. Hori horrela, 53.000 euro jarri dira aurrekontuan, baina 83.000 euroko obra izango da guztira. Gainerakoa iazko aurrekontuaren likidaziotik ordainduko da. Obrak «lehenbailehen hastea» espero du alkateak.
Inbertsioekin segituz, kaleko argiteria eraginkortasun energetikoaren irizpideetara egokitzeko azken fasea egingo da (30.000 euro) eta, hartara, amaiera emango zaio 2016an abiatutako bideari. Kaleko argiteria ez ezik, frontoikoa (12.000) eta kiroldegikoa ere (13.000) aldatuko dira. Horrez gain, kaleko altzarien berrikuntzan ere inbertituko da: banku eta zakarrontzi berriak jarriko dira (14.000), eta ibilgailu berria erosiko da (26.000).
Herri baratzeetan ere aldaketak izango dira; Kutxa Ekogunearen Baratze Parke Sarean sartuko dira herri baratzeak, eta obra batzuk egingo dira (8.000). Hasiak dira jada, eta martxorako dena egokituta eduki nahi da. «Eremu txukun eta eroso bat izango da, erabiltzaileek ez ezik herritarrek ere bertako txokoez gozatu ahal izan dezaten», jakinarazi du Amenabarrok.
Alokairuak
Abenduan ordenantza onartuta, diru laguntzak izango dira etxejabe eta maizterrentzat, betiere bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Etxejabeen kasuan, 8.000 euroko sail bat egongo da gehienez. Maizterren kasuan, berriz, 15.000 euroko diru sail bat izango da.
Honako kolektibo hauek eskatu ahal izango dute diru laguntza: 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urriko pertsonek, bananduta dauden pertso-
nek, 70 urtetik gorakoek, alargunek eta seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiek.