Lazkaoko leku-izenen mapa berria kalean da
Mapa toponimikoaren bigarren edizioa argitaratu du udalak Lazkaon. Udalerriko sail, kale, mendi, erreka eta baserrien izendapena jaso dute, eguneratuta eta hizkuntzaz finkatuta. Etxeetara banatzen hasi dira.
Lazkaon bat nondik nora dabilen jakiteko, eta, batez ere, zapaltzen dituen lurrak edo handik ikusten dituen parajeek edo etxeek zer izen duten jakiteko, tresna baliagarria berritu du Lazkaoko Udalak: herriko mapa. Mapa bikoitza argitaratu du argitalpen berean, leku-izenak osatuta eta lehenagoko bilduma eguneratuta, mapa toponimikoa batetik; eta udalerriaren mapa bestetik. Etxeetara banatzen hasiak dira. 3.000 ale inprimatu dira.
Geograma enpresak egin du mapa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hizkuntza arloko aholkuak Euskaltzaindiak eman ditu. Hiru alde horietako teknikariek eta adituek zenbait egokitzapen egin dituzte toponimoetan: euskara aldetik zuzenketa batzuk egin, edo jatorrizko formak ere jarri dituzte, agiri zaharrak ikusita.
Bigarren mapa toponimikoa da. Lehenagokoa Imanol Goikoetxeak zuzenduta egin zen, Ikermap enpresaren bidez, 1999an.
Bi aldeetatik informazioa
Mapa berriak bi aurpegietatik du informazioa. Alde batean, 2017ko ortofotoa dauka, satelitetik hartutako irudien gainean eratua. 1:12.000 eskalan dago. Herriaren muga-artea ezezik, Intsaustiko herri lurrak ere nabarmentzen dira. Beste aldean, herriko planoa ageri da, 1:7.000n.
Leku-izenak nola idatzi behar diren finkatu dute mapan. Guztira, 705 toponimo ageri dira. Izendegian alfabetikoki zerrendatu dituzte, mapako koordenatuak erantsita. Kaleen izenak eta atarien zenbakiak zehazteko, kaleko planoa aparte ere badu mapak goialdean (1:4.500).
Kartografiari dagokionez, ibai, erreka, errekasto, mendi eta errepideak, udalerriaren mugak, kilometro-puntuak eta altuera-kotak seinalatu dituzte.