«Norbere alde baino, taldearen alde borrokatzea da gakoa»
Taldea sortu zenetik da Goierri Gorriko jokalaria Miren Arrondo (Idiazabal, 1994). Liga erdia baino gehiago jokatuta, gustura daude egindakoarekin, baina helburua lau lehenen artean amaitzea da.
Tolosaren aurkako derbia galdu berritan, Anaitasuna taldea hartuko du igandean, hilak 27, Loinatzen Goierri Gorri taldeak. Orain arte 18 partida jokatu dituzte, 10 irabazi, 1 berdindu eta zazpi galdu. 45 gol sartu ditu, eta 22 jaso. Denboraldiko helburu nagusia 2. mailara igo ahal izateko postu bat lortzea da, eta gakoa eguneroko lanean dagoela argi du Arrondok. Proiektu sendoa da Goierri Gorri, nortasuna lortu duen bailarako proiektua.
Hemeritzagarren jardunaldiko partida duzue asteburuan. Sailkapenean 6.ak zoaztete.
Espektatibak guztiz ez dira betetzen ari, baina gertu dugu hasiera batean jarri genuen helburua. Hori buruan izan eta lanean jarraitu behar dugu. Garbi izan behar dugu zertarako gauden entrenamendu oro lanean eta ezin dugu hori ahaztu. Gertu ikusten dugu eta ezin dugu oharkabean pasatzen utzi.
Zein da aurtengo denboraldiari begira duzuen helburua?
Lehen lau postuetan gelditzea da helburua, baina horrek badu bere arrazoia. Jokatzeko mailei dagokienez, aldaketak datoz hurrengo denboraldian. Lehenengo B maila sortuko da, eta hori osatzeko bigarrenean jokatzen ari diren talde gehiagok egingo dute jauzi gora. Euskal Ligan, beraz, sailkapeneko lehen postuetan daudenek –beharbada lehen lau sailkatuek– aukera izango dute mailaz igo eta bigarren mailan jokatzeko datorren denboraldian.
Iaz bosgarren postuan amaitu genuen eta aurten taldearen gehiengoa mantendu dugu, fitxaketaren batekin. Ea horrekin nahikoa den eta iazko emaitza hobetzerik dugun.
Nola doa aurtengo denboraldia? Hasieran gehiago kosta zitzaizuen martxa hartzea?
Bai, helburua garbi dugu baina ezin dugu denboraldi amaierara begira jarri. Hasiera-hasieratik ikusi dugu liga ez dela erraza, gorabeheratsua baizik. Edozein asteburutan ikus dezakegu 8-0 amaitu den partida bat, eta hurrengoan justuan irabaztea talde berak.
Gu ere ez gara nahi bezala hasi. Neronek uste nuen, esaterako, hasierako jardunaldietako aurkariak zirela gogorrenak, baina ondoren argi ikusi dugu edozeinekin gal daitezkeela puntuak. Hori bai, aurkari zuzenak izan daitezkeenen aurka ere ahalegina egin behar dugu ihes egin ez dezaten.
Markagailuetan alde handiak ikusi ahal izan dira; alde zein aurka.
Bai, denboraldi hasieratik gertatzen ari zaigun zerbait da. Etxean, Loinatzen jokatzen dugunean alde nabarmenarekin irabazi ditugu partida asko, eroso jokatzen dugu eta sarritan gol asko eginez gainera; baina behin hemendik aterata sentsazioak aldatzen zaizkigu.
Etxean orduan erosoago jokatzen duzue.
Bai, ez dakit eroso den hitza, baina argi dago zelaira ohituago bagaudela behintzat. Kanpoan jokatzen dugunean, zelai asko txikiagoak eta kalitate okerragokoak dira, baina ez da zelaiaren aitzakia jarri behar. Jarrera edo pentsatzeko modu desberdinarekin ateratzen garen sentsazioa dut, eta taldeak ere berdin ikusten du. Tentsioa falta zaigu kanpoko partidetan eta hori konpondu behar dugu.
ESALDIAK:
«Euskal Liga aurrean bukatzen dutenek
2. mailan jokatzeko aukera izango dute»
«Tentsioa falta zaigu kanpoko partidetan
eta hori konpondu behar dugu»
«Goiko taldeen aurka lehiakor azaldu
beharrean gaude laugarren posturako»
«Goierri Gorri etorkizuna ziurtatuta duen
errealitatea da gaur egun»
Taldean badituzue berritasunak ezta?
Bai, urtez urte izaten dira aldaketak, baina aurten blokea mantentzeko gai izan gara, nahiz eta baja asko izan ditugun. Fitxaketak taldea hobetzeko asmotan egiten dira, eta aurten esperientzia duten jokalariak batu zaizkigu, baita distira berezia dutenak ere. Ahalik eta bizkorren egokitu behar dugu eta denongandik onurak hartzen jakin.
Nolako taldea duzue? Zein joko motarekin moldatzen zarete?
Baloiarekin eroso sentitzen den taldea gara. Etxean askotan gertatzen zaigu, eta emaitzetan nabari da gainera, lasai hartu eta baloia ukituz jokatzen dugunean gora egiten dugula.
Partida batzuetan alderantzizkoa ere gertatu izan zaigu, urduri jarri eta baloia oparitzen dugunean porrotak ekarriz. Beraz, metodo eraginkorrena baloia mantenduz aurkaria tokiz mugitzea da guretzat.
Aurten puntuz bakarrik ez, golekin ere zenbaki onak dituzue. Gol gutxi jaso, eta egin asko.
Datu engainagarriak izan litezke ordea, gol ugariko partidak eduki ditugulako. Golak banatuago egingo bagenitu, posible da puntu gehiago izatea. Nik uste dut esanguratsuena gol gutxi jasotzearen datua dela, baina jaso ditugunek min asko egin digute. Taldeak erantzutea zaila izaten da, eta partidak iraultzea kostatzen zaigu. Animoz behera egiten dugu markagailuan atzetik hasten bagara, beraz hori landu beharrean gaude.
Beti egongo dira gogorragoak egiten diren taldeak ezta?
Astebururo partidak irabaztea denez helburua, gehien kostatzen diren taldeak buruan bueltaka ditugu denboraldi hasieran. Esaterako, Arratiaren aurka, Igorren, punturen bat lortu izan dugu inoiz, baina irabazi dugunik ez dut gogoan.
Gertukoenen artean, berriz, Tolosa da aurkari lehiakorrenetakoa –joan den astean 2-0 galdu zuten Tolosan–. Asko borrokatzen duen taldea da eta zeresana ematen duena gainera. Gertukoa izanik derbi garrantzitsua izaten da guretzat.
Kapitaina zara zu eta gainera Goierri Gorriren sorreratik zaude. Aldaketarik nabari da?
Bai. Pixkanaka indarra hartu duen proiektua izan da eta herriz herriko taldeak izatetik identitatea duen taldea izatera igaro gara. Goiko taldean txoko guztietako jokalariak gaude: Legazpi, Berastegi, Ordizia, Idiazabal… Alde batera uzten da herrien arteko distantzia eta taldeak hartzen du garrantzia. Norbere alde baino taldearen alde borroka egitean dago gakoa.
Goiko taldeak behetik zer duen ikusita, lasaitasuna ematen al du?
Bai, proiektu honek dakarrena lasaitasuna da. Euskal Ligan lehiatzen hasi ginenean Beasain KE bezala, ezjakintasuna zen nagusi. 15 jokalari inguru ginen eta ez genekien hurrengo urteetan talderik izango ote genuen. Lazkaoko jokalariak batu ziren gero, eta kopuruz handitzen joan gara urtez urte. Proiektua egi bihurtu ahala, harrigarria da Goierri Gorrik duen hazkundea. Bost urte atzera ideia soil bat zen, eta egun, etorkizuna ziurtatua duen errealitatea da.