Buztuntza auzoa eraberritzeko prozesua abian jarri dute Ordizian
Proiektua erredaktatzeko baldintzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daude. Auzotarrekin parte hartze prozesua ere egingo dutela esan du Udal Gobernuak
Ordiziako Buztuntza auzoa eraberritzeko prozesua jarri du abian Ordiziako Udalak. Auzoko urbanizazioa eraberritzeko proiektua erredaktatzeko baldintzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daude pasa den urtarrilaren 18az geroztik. Lan hori burutu nahi duten enpresek proposamenen memoriak aurkezteko epea irekita dago otsailareb hasierara arte. Auzotarrek ekarpenak egiteko parte hartze prozesua ere egingo dutela jakinarazi du Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak.
Buztuntza plazan aurkeztu zuen Santamariak «auzo guztia berritzeko asmoa», pasa den ostiralean. «Lehenengo ideia Buztuntza plaza berritzeko obra egitea zen, baina azkenean auzo osoaren proiektuaren hausnarketa eta erredakzioa egitea erabaki zen», argitu zuen. Izan ere, «berritze proiektu oso baten beharrean dagoen auzoa da, 1970.eko hamarkadan eman baitzen inguru honetan garapen nagusia eta geroztik, konponketa txikiak baino ez dira burutu».
Proiektu «handia» da, «79.000 metro koadroko eremua baita, 1.600 biztanle inguru ditu 50 atari baino gehiagotan banatuta», nabarmendu zuen. Horrez gain, «bost plaza, Urdaneta ikastetxearen bi eraikin, haur parkea eta gune berdeak ere badaude».
Auzotarren hitza
Proiektua erredaktatu eta parte hartze prozesuaren kargu egingo den enpresaren izena otsailean jakingo da. «Erredakzioa esleitu ondoren, hiru asteko epea izango du enpresak, gaur egungo egoeraren analisia eta mugikortasun azterketa egiteko», adierazi zuen Santamariak. Ondoren, parte hartze prozesua jarriko dute abian: «Hamalau astetan burutu beharko da eta beste hamasei izango dira exekuzio proiektua egiteko».
Auzotarrekin egingo den prozesuan «bilerak, tailerrak, kale galdeketa eta diseinurako lankidetza tailerrak» egingo direla argitu zuen alkateak. «Jasotako ekarpenak kontuan hartuta, emaitzak eta eremu bakoitzerako hiruna aukera» aurkeztuko direla ere esan zuen. Ondoren, erakusketa publikoa egingo dute, «auzotarren iritzia jasotzeko txanda irekiz». Exekuzio proiektua eta aurrekontua zehaztuta,Udalak erabakia hartu beharko du obra hasi aurretik.
Hobekuntza orokorra
Buztuntza eraberritzeko proiektuarekin «Ordizian hobekuntza orokorrari eremu bat gehitu zaio», Santamariak nabarmendu zuenez. Azkenik, «Udala beste auzoak hobetzeko ere ahalegina egiten» ari dela gogoratu zuen, «Udalerri erosoagoa eta modernoagoa edukiko baitugu».
Buztuntza eraberritzea «udal gobernuak bere egiteko nahia» salatu du EH Bilduk
Ordiziako EH Bilduk «harridura» erakutsi du, pasa den ostiralean, Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak, Buztuntza auzoa eraberritzeko proiektuaren harira egin zituen adierazpenengatik. 2018ko udal aurrekontua onartzea taldeen arteko desadostasunengatik hilabeteetan luzatu ondoren, pasa den 2018ko maiatzaren 31an udalbatzan onartu zuten, Udal Gobernuak egindako aurrekontu proposamenari EH Bilduk egindako emendakinak gehitu ondoren. «Jose Migel Santamaria, gure ekimenak bereak balira bezala saldu nahian dabil», salatu dute EH Bilduko udal ordezkariek.
Udal Gobernuak Buztuntza plaza berritzeko 100.000 euro bideratzeko proposamena egin zuen maiatzeko udalbatza hartan. EH Bilduk ordea, «Buztuntzak urbanizazio proiektu orokorra» behar duela sinetsita, proposamen anbiziotsuagoa aurkeztu zuen. «Plazako lurzorua eta argiteria bakarrik ez, herritarren parte hartzearekin, espaloiak, azpiegiturak, plaza eta plazaren azpian aparkalekua egiteko azterketa egitea proposatzen ditugu besteak beste. Espazioa berdefinitzea», adierazi zuen Adur Ezenarrok maiatzeko udalbatzan.
EH Bilduren emendakinak gehituta zituen aurrekontu proposamenaren aurrean, abstentziora jo zuten EAJko ordezkariek.
Orain, «berea eta bere gobernu taldearena ez den ekimen bat bereganatu nahian dabil beste behin», eta gogorarazi dute, «Buztuntza auzo osoa eraberritzeko urbanizazio proiektua ez ezik, auzotarrekin burutu beharreko parte hartze prozesua ere EH Bilduk proposatu» zuela.