Xalbador Garmendia, euskararen ‘Google’
Euskal literaturan eta euskaran bertan modernotasunaren printzak argitu zituen Xalbador Garmendia azaroan hil zen, hotsik atera gabe. Euskaltzaindiak omendu du, haren balioa eta lana ezagutarazteko.
Arestik Harri eta Herri-rekin poesia nola, Xalbador Garmendiak (Zaldibia, 1932 – Anoeta, 2018) antzerkigintza modernizatu zuen, urte berean: 1964an. Putzu sakon eta ilunean zen euskara biziberritzen berealdiko ekarpena egin zuen. Erabateko isiltasunean eta ezezagutza absolutuan ia, azaroan zendu zen. Egindakoak pitinka atera dira harrezkero. Euskaltzaindiak ostiralean omenaldia egin zion Garmendiari, euskaltzain urgazle zen heinean (1965etik), Manex Pagola eta Junes Casenave kide hil berriei bezalaxe.
Antzerkigintzan, Historia triste bat antzezlana «mugarri» izan zela iritzi dio Lourdes Otaegi euskaltzainak. «Arestik euskal teatroari egozten zizkion gaitzetako bat gainditzeko ahalegina egin zuen Garmendiak: gehiegizko euskalki aniztasunaren arazoari. Gipuzkeratik abiatuta, lapurterara hurbiltzen den asmo bateratzaileko euskara erabili zuen», irakurri zuen Otaegik ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako jauregian, Xalbador Garmendiaren hilberri txostena.
Ipar Euskal Herrian denbora luzean bizi izana zenez, hango euskalkiak ondo zekizkien, Gotzon Aranburu kazetari lankideak gogoan duenez: «Latina ere ondo zekien, Erroman ikasi baitzuen Teologia. Konparaketak egiteko eta hitzen jatorria jakiteko, paregabea zen».
Euskararen kortseak ez ezik, euskal literaturaren gaiak, esateko moduak eta egiturak hautsi zituen Garmendiak, berritzeko. Hautsak harrotu ere bai, ondorioz. Ibon Egañaren iritziz —Otaegik hizpidera ekarri zuen—, bere idazlanen ekarpen nagusia «gertaeren harira bilbatzen diren gogoetak eta bizitzaren inguruko hausnarketak» dira.
Idazle, itzultzaile, jakintsu
«Sakontasun handiko gaiei heldu zien, maiz esistentzialismotik gertu daudenak: bizitzaren zentzurik eza, jainkoaren esistentziaren ukazioa, askatasun ideal absolutua, idealaren eta materialaren arteko kontrajarpena, suizidioa…», dio Otaegik.
Egin egunkaria sortu zenean, hango itzultzaile taldeko arduradun lehenik, eta euskara zuzentzaile ondoren lan egin zuen. Aranburu kazetari zumarragarrak han ezagutu zuen; 1998an itxiarazi zutenean erretiratu zen.
«Oso umore onekoa zen, ironia oso ondo maneiatzen zuen. Euskararen zuzentasun arloan, herriari aditzeko esaten zuen. Aitona-amonengan edo gurasoengan pertsonalizatzen zuen herri hori; jende xeheak nola hitz egiten zuen behatzen zuen», oroitu du Gotzon Aranburuk.
Abertzalea «goitik beherakoa», Elizarekiko «distantziaduna eta eszeptikoa» zen, nahiz organo jotzaile bezala Anoetan elizara joateko arazorik ez zuen.
Musika baitzuen beste bizigai bat. Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari herkideak hartan ezagutu zuen, umetan: «Musikan murgildu gintuen, Haendelen Mesias lau ahotsera kantatzeko prestatu, txistulari izateko… Musikaren harra sartu zigun».
Euskararekiko arreta
Egin-en Hernaniko erredakziora lanera joateko, Urnietan jaisten zen askotan trenetik. Bere «dizipuluak» ere bai: Ana Martin legazpiarra, Gotzon Aranburu… «Oinez joaten ginen. Bidean gauza asko esplikatzen zizkigun. Paseoak klase bihurtzen ziren. Banan-banan hartzen gintuen egunkarian, orriak zuzendu, esplikatu… saiatua zen».
Zaldibian tabernako semea zen, eta jende-traturako dohaina handik zekarren. Eta oroimen oso onekoa zen. Euskal klasikoez asko zekien. «Eztabaida filologiko guztietan, azken hitza Xalbarena zen. Autoritatea zen, baina ez zen zakar inoiz jarriko».
Otaegik oroipen bera du: «Orduko gure Google zen. Pertsona bizi eta bizkor bezala gogoratzeaz gain, belaunaldi oso baten ordezkari bezala ere omentzen dut. Haren kemenez eta indarrez, ur gazi bat atera zuten».