«Bakardadeari aurre egiteko erremedio ona da antzerkia»
Irri Makila antzerki taldea Zumarragako eta Urretxuko erretiratuek osatzen duten arren, gaur Legazpin arituko dira. ‘Ramon Batista, El Trapero’ obra antzeztuko dute.
Irri Makila antzerki taldeko kideek nahi baino aukera gutxiago izaten dituzte Zumarragatik eta Urretxutik kanpo antzezteko. Halere, tarteka egiten dute txangoren bat. Gaur, esaterako, Ramon Batista, El Trapero lana antzeztuko dute Legazpiko Latxartegi aretoan, 18:00etan. Pablo Santillan antzerki taldeko zuzendariak idatzitako obra da.
Erraza al da antzezlan bat sortzea?
Irakurtzea eta idaztea asko gustatzen zait. Irakurtzen dudanean, gustatzen eta erabilgarriak iruditzen zaizkidan ideiak apuntatu egiten ditut, eta horiei forma emanda idazten ditut antzezlanak.
Ramon Batista, El Trapero. Zer esan dezakezu obraren inguruan?
Iparragirreren Trapu zaharrak abestiari tiraka sortu nuen istorioa da: herriz herri dabiltzan bi traperoren maitasun istorioa da. Bietako batek ez du konpromisorik nahi, hara eta hona ibili nahi du, baina bihotzak beste zerbait esango dio.
Ez zara soilik Trapu zaharrak abestian oinarritu.
Erreferentzia asko ditu obrak. Abesti klasiko ugari abesten ditugu, adibidez, Glu, glu, glu, Maritxu nora zoaz… Tormeseko itsumutila eta El diabo cojuelo idatzietan ere oinarritu naiz. Bertan agertzen den pikarokeria baliatu dut pertsonaiei forma ematerako.
Erraza da jendaurrean abestea?
Taldeko kide askok koruetan ere abesten dugu, beraz, ohituta gaudela esan dezakegu. Batzuetan euskararekin trabatzen naiz, baina ongi barneratua dut.
Zeuk idatzitako obrak erraz barneratuko dituzu, ala?
Nabari da adinean gora goazela, eta geroz eta gehiago kostatzen zaigu. Baina, oraingoz, moldatzen gara.
Irri Makila antzerki taldea jubilatuek osatzen duzue, ezta?
Zumarragako eta Urretxuko erretiratuek osatzen dugu. Gure Txoko eta Aterpe erretiratuen egoitzek laguntza handia ematen digute ekimenak aurrera ateratzeko. Orain hamaika lagunek osatzen dugu taldea. Duela urte batzuk hamabost lagun ginen, baina adinean aurrera goazen jendea garenez, taldea txikitzen joan da.
Jende berria ez al da ausartzen antzeztera?
Modak daude. Oraingo bazkide berriek nahiago dute dantza tailerretara apuntatu edo yoga egin.
Irri Makila antzerki taldeak zer eskaintzen dizue?
Ikaragarri dibertitzen naiz. Uler dezaket jendeari kosta egitea ikuslearekin hartu-emana izatea, baina lotsak galdutakoan, aktore izatea oso esperientzia polita da; bestalde, adineko jendearen arazoetako bat bakardadea izaten da. Taldeko ekintza denez, bakardadeari aurre egiteko erremedio ona da. Are gehiago, harremana ez duzu soilik taldekideekin egiten, baita ere ikuslearekin eta beste herrietako aktoreekin ere.
Sarri antzezten duzue kanpoan?
Lehen ohikoagoa izaten zen kanpora joatea. Elkartrukea egiten genuen: gu beste herriren batera joan, eta gero beraiek etortzen ziren hona. Baina horrek kostu bat zuen, eta diru askorik ez dugunez izaten, egiteari utzi genion. Halere, aurten Eibarren izan gara, gaur Legazpin, eta kanpoan beste emanaldiren bat egiteko esperantza badugu.
Erretiratuen antzerki talderik badago Legazpin?
Garai batean egon zen, baina galdu egin zen. Ezagutzen ditut antzeztea gustatzen zaien legazpiarrak, baina joan eta etorri ibiltzea desatsegina da. Ea arduradunen bat topatu eta beraiek ere antolatzen diren.
Ongi ezagutzen duzu Legazpiko egoera.
Legazpin lan egiten nuenez, han hasi nintzen antzezten. Baina erretiratzean, erosotasunagatik, Irri Makila taldera aldatzea erabaki nuen. Taldeak 20 urte inguru izango ditu, baina nik gutxiago daramatzat antzezten. Betidanik gustatu izan zait, baina gaztetan ez nuen aukerarik izan antzerkian hasteko.