Zaldibiak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria du, araudia onartuta
Gipuzkoako aldundiak behin betiko onespena eman dio. 105 etxebizitza ahalbidetu ditu, biztanleria horizontea 2.029 herritarretan kokatuta. Industrigune berririk ez da
Zaldibiako hiri antolamendua hurrengo urteetan arautuko eta bideratuko duen plan orokor berria indarrean da. Diputatuen Kontseiluak abenduaren 11ko batzarrean onetsi zuen arau subsidiarioen araudi berria, eta ostegunean argitaratu zituen 207 orrialdeko txostena eta mapa osagarriak GAOn. 1999ko uztailekoa zen aurreko plan orokorra. Arauak berritzeko lehen urratsak 2009an egin zituen udalak; hamar urte iraun du prozesuak.
Zaldibiako udalerriaren antolamenduaren eta hirigintzaren ildo nagusiak finkatu ditu araudi berriak. Herria Ordizia aldera luzatzeko norabidea jarri du. Guztira, 105 etxebizitza gehiago egitea ahalbidetu du. Etxe-multzo handirik ezingo da eraiki. Udalerriko biztanleria gehienez 2.029 lagunera iristeko kalkulua du, funtsean.
Bereziki, Urtesabel auzoak jasan du aldaketa, izaera urbanistikoari dagokionez. Landa-eremu izatetik hiri eremu izatera igaro da. «Hirilur izateko zentzu gehiago dauka, Biloreren ondoan eta sagardotegiaren inguruan etxeak egiteko. Saneamendu eta argiteria azpiegitura aldetik, gainera, hirilurra gehiago zen lehen ere, landa-lurra baino», azaldu du Joxan Etxabe alkateak.
Bilore, eremu misto
Bilore xaboi fabrika zaharra dagoen orubeari ere izendapen berria eman diote. Industri-lur izaten jarraituko du, baina hirugarren sektoreari eta etxebizitzari ere bidea irekita: «Tertziario-misto katalogatu da Biloreko eremua, auzo zentzua izango duena, ez etxe multzo handi bat. Hura dena etxez betetzea ez zen nahi. Etxebizitza batzuk eraiki ahalko dira, bloke txiki bat, eta industria garbia hartzeko eremu izango da, gainerakoan».
Inguru horrek izaten duen industri garapenaren arabera, Zaldibiako sarrera berrantolatu behar baldin bada, Bilore ondoan errotonda bat eraikitzea ere aurreikusi dute plan orokorrean.
Baserriei dagokien beste neurri bat ere aldatu du. Segregazioak egin ahal izateko, metro koadro kopuru minimoa gutxitu da, «lurrak saltzeko aukera edukitzeko». Lehen 50.000 metro koadro bazen gutxienekoa, 25.000 metro koadrora jaitsi da orain.
«Bete beharreko arauak»
Plan orokorra berritzeko bidea «luzea» izan dela dio alkateak. «Hogei alegaziotik gora jaso ziren. Esanguratsuak izan ziren, Zaldibiarekiko ikuspegia zutelako. Zentzuzkoak izan dira, eta herritarrei kasu egin zaie, plan berrian txertatuz».
Udalak 2013ko ekainaren 25eko osoko bilkuran onetsi zituen plan orokorra idazteko irizpideak eta helburuak. Hasierako onespena 2015eko abuztuan eman, eta 2016ko urriaren 26an onetsi zuen, behin-behinean.
Izaskun Aseginolazaren arkitekto-estudioan ondu du plangintza. «Prozesu irekia izan da, eta batzordeetan landu da. Orain, betetzeko arauak dira».
Hiri Antolamendua
Plan orokor berria
· Zaldibia. 16,23 kilometro koadro eta 1.582 biztanle. Dents: 97,47 zitanle km2-ko
· Etxebizitza. 105 etxebizitza gehiago egiteko aurreikuspena
· Industrialdeak. Eremu berririk ez da planteatu. Elbarrena sendotu, Tokigoxo eraiki, Iurrelan zabaldu, Urtesabel berregituratu eta lehengoratu, Bilore lehengoratu
· Komunikabideak. Biribilgune berria Bilore aldean, sarreratzat
· Espazio libreak. 23.478 m2
· Populazio horizontea. 2.029 bizilagun
· Lurzoruaren sailkapena. Hiri zorua 16,37 Ha (%1,01), urbaniza- garria 4,63 Ha (%0,28), urbaniza- ezina 1.601,99 Ha (%98,71)