Datozen santuen bedeinkazioa balitz bezala, feria bustia
Neguko azoka hauetan, itxuraren kontra, ondo saltzen ari direnekoa aipatu dute azokako saltzaileek, bai hemengo barazkiei dagokienez baita kanpoko frutari dagokionez ere.
Eguraldia alaia ez izan arren, bustia eta hotza (4-5 gradu) baizik, eta hainbeste jende ikusten ez bazen ere, berri atsegina eman dute galdezka hasita, ondo saltzen ari direnekoa aipatu baitzuten. Esther Ilarramendik, «landarea ez, garai honetan normala den bezala, baina barazkia bai» esan zuen, eta Ruedakoek, «joan zen astean fruta ere oso ondo saldu genuen». Izan ere, jende kopurua baino, bezero fina baita asteroko feriaren euskarri.
Bestetik, santuak hizpide. «San Blas eta Santa Agedako feriak, mutil neskatxen ezaupideak». Hala dio aspaldiko esaerak, inauteriak hasita eta festa kutsuko egunen seinale.
Otsail atariaren marka da San Blas opila Maite Iturbe (Udanako ogia) okinaren postuan zegoen. Duela 10 urte hasi zenetik prezio berean saltzen du 1,5 euroan bakoitza. «Momentuko jakia da, lana da baina ondo saltzen da. Atzo ere oso goxoa zegoela esanez etorri zitzaidan Andoaingo bezero bat eta poza ematen du». Igandean egin zituen astean zehar azoketan saltzeko Andoainen, Ordizian, Markinan, Legazpin eta Zumarragan. Gustuaren berezitasuna anisak ematen dio, «gehienetan anis esentzia erabiltzen bada ere, nik ez, nik anis haziak ehotu eta irinari nahasten diot». Gozo zaleentzat momentuko gutizia honek ez du iraungo eta aprobetxatu behar da.
Lezo bakailaoa
Azoka lagunek ederki ezagutzen dute Goen plazatxoan jarri ohi den bakailao postua, izan ere 80 urte ingurukoa baita familia honen eta Ordiziako feriaren arteko lotura. «Nik 38 urte daramatzat eta aitaginarrebak beste hainbeste edo gehiago», kontatu zuen Oskar Gartziak. Lekaleak ere saltzen dituzte. Baina beraien produktu izarra bakailaoa da. Urtea joan eta urtea etorri hain arrakastatsu irautearen gakoa zertan datzan galdetuta, «beti munduko bakailao onena eskaintzea» esan du Gartziak hain berezkoa duen umore gozoan, «Faroe Uhartekoak da». Ipar Atlantikoko uhartedia da, Erresuma Batua eta Islandia artean kokatua, baina Danimarkako parte da. «Urtean hiru hilabetez bakarrik arrantza daiteke, han iraupen oreka oso kontrolatua baita».
Bakailao gazitua eskaintzen dute Lezokoek: takoak, hegalak, zentroak eta isatsa, burua eta masailak, purruskatua eta hezurrik gabekoa ere bai. Prezioari dagokionez, 8 eta 19 euro artean da kiloa, aukeratzen den puskaren arabera.
Tokian tokiko salmenta aldatzen omen dela dio Gartziak, «hemen hezurrik gabekoa gehiago saltzen da eta kosta aldean, berriz, hezurduna, zapore handiagoa duelako».
Urte asko Kafe dendaren aurrean pasa ondoren, aspalditik Goen plazako sarreran aurkitu daitezke bakailaozaleak.