«Irrintzia, emozioak adierazteko hitzik gabeko hizkuntza bat da»
Txikitatik du irrintzia erraietan Nerea Barandiaranek (Lazkao, 1975). Eta «barruak» eskatzen dionean botatzen du. Estreinatzear den ‘Erraiak’ dokumentalean atera da.
Irrintziaren etnologia jaso du Ekain Martinez de Lizarduik ‘Erraiak’ lanean. Tartean zara.
Elkar ezagutzen ez genuen jende asko elkartu ginen, Araba, Bizkai, Nafarroa, Gipuzkoakoak. Parte hartu dugunok ikusi dugu jada. Estreinaldia Aretxabaletan da, datorren hilean. Lazkaon ere otsailaren bukaeran programatzekotan dira emanaldia. Xabier Arakama zegamarrak eta Aitor Arruabarrena ataundarrak adarra jotzen ere parte hartu dute.
Irrintzia botatzen ikasi egiten da? Inork irakats dezake?
Nik, partikularki, txikitatik jaso izan dudana da irrintzia. Inork ez zidan erakutsi. Botaz eta botaz, neronek ikasi nuen. Kostaldean-eta lehiaketak egin izan dira. Baina emozioekin lotuta doa: barruak eskatzen dizun zerbait da irrintzia.
Baina teknika?
Egia da irrintzia egiteko moduak badaudela, eta sentitzen duzunaren arabera, ezberdina botatzen duzu. Arnasketarekin zerikusia duenez –etenik gabeko haizea bota behar da–, diafragmaren kontrola landu daiteke.
Emozioekin lotura du, beraz.
Nire kasuan, bai, emozioekin loturik dago. Ez emozio alaiak bakarrik; haserrea ere bai, edo tristura. Erraiak dokumentalaren hasieraren historia kuriosoa da. Ekain Martinez de Lizarduik, duela 10 urte, ikusi zuen: amona batek, bilobari lur ematerako garaian, irrintzi bat bota zion. Txundituta gelditu zen. Une hartan irrintziak zer esan nahi zuen galdezka hasi, eta horrela hasi zen ikertzen.
Zurekin nola topo egin zuen?
Xabi Arakama trikitilariarekin kontaktatu zuen, gure lankide izan zen duela urte batzuk. Gehienek irrintzia trikitilariekin eta jai giroarekin lotzen dute, baina Xabik nirekin zeukan anekdota baten berri eman zion Martinez de Lizarduiri. Hileta baten ondoren, kanpoan, irrintzi bat botatzeko asmoa geneukan; Xabiri duda sortu zitzaion, heriotzarekin ez dagoelako lotuta. Barrenak eskatzen zidan arren, azkenean ez nuen bota. Hildakoaren familiartekoek gero esan zidaten irrintzi baten falta sumatu zutela.
Heriotzaren aurrean ere irrintzi egin daiteke, orduan?
Bai. Beste ezerekin pentsatu gabe, bota egiten dut, harrezkero. Heriotzarekin lotutako irrintziak oso gutxi topatu ditu ikertzaileak. Amonaren bat edo beste bai; arimarekin lotzen zuten, hemendik agur esateko modu bat. Mina, tristura, heriotzaren zergatia adierazteko modua ere bada.
Irrintzilari beti jardun izan duzu? Orain gehiago, agian?
Orain gehixeago. Lasterketa bat bukatutakoan, ‘lortu dut’ esateko garrasia da. Edo mendira igotakoan, ‘hau da askatasuna’ adieraztekoa. Edo paraje eder baten aurrean. Edo manifestazio batean, haserrea adierazteko. Behin, Donostian, manifestazio batean hasi zen amona bat, beste batek erantzun zion, gero beste batek. Hizkuntza bat sortu zen han; ez zuten ezer esaten, baina barrena mugitzen zuen. Barruak momentuan eskatzen duena da irrintzia. Ez dauka esplikaziorik.
Aurrez ezin da pentsatu?
Ez, momentuan irteten da. Ez da jarritako arau bat. Emozioak adierazteko hitzik gabeko hizkuntza da. Botatzen ari zaren momentuan eta ondoren, hustuta geratzen zara, gustura. Zuk bakarrik dakizu zein sentipenengatik bota duzun, baina besteei ere iristen zaie emozio hori, entzundakoan. Enpatia bat lortzen da, deiadar horri esker.
Emakumeak aipatu dituzu sarri. Irrintzia andrazkoekin lotzen da?
Nahiz eta gehienak emakumezkoak izan, gizonezkoek ere botatzen dituzte. Grabaketa zaharretan, gizonezkoak azaltzen dira irrintzia zoragarri botatzen. Baina orduan gizonezkoa zen plazaratzen zena, aurrera irteten zena; emakumeek ezin zuten. Orain, emakumea bistaratzen edo plazaratzen hasi denean, bisibilitatea lortu da. Ezagutzen ditut ederki asko botatzen duten gizonak.
Musika eskolan lantzen duzue?
Trikitiko ikasleekin saiatzen gara botatzen. Baina lehiaketa hitza erabili gabe, orduan norbere irrintzia motza, itsusia eta txarra iruditzen zaielako. Bakoitzak bere erakoa botatzen du; denak dira zoragarriak. Pare bat edo hiru badaude hunkitzen dutenak. Baina gustatzen zaiela beraiek sentitu behar dute. Bestetik, irrintzilari oso gutxi dira inguruan, eta, beste arlo askotan bezala, inor ikusten ez badute, agindua ematen du. Gurasoengandik luzatu behar da ohitura.