Ormaiztegiko adinekoen eguneko arreta zerbitzuak 30 plaza izango ditu
Ormaiztegiko Eskola Zaharrak Gizarte Etxean kokatuko dute, eta Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itsasoko erabiltzaileei emango die zerbitzua.
Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Ormaiztegin izan da gaur, Gizarte Etxea eta bertan kokatuko den adinekoen eguneko arreta zerbitzua ezagutzen. Zerbitzu “berritzailea eta aitzindaria” izango dela azaldu dute, eta “erakundeen arteko elkarlanari esker” jarriko dutela martxan.
Adinekoen eguneko arreta zerbitzua, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itsasoko adineko bizilagunei dago zuzenduta. 30 lagunentzako tokia izango du, eta mendekotasunik ez duten edo mendekotasun arina duten pertsonei emango die zerbitzua. Zentzu horretan, ez dela Eguneko Zentroekin nahastu behar gogorarazi dute. Izan ere, erretiratuen etxe baten antza izan arren, bestelako ekipamenduak ere izango ditu; hala nola, aisialdirako eskaintza, garbitokia, aldagelak eta dutxak.
Markelo Olano Diputatu Nagusiak Gipuzkoan dagoen eguneko zentroen sarea “nagusiki mendekotasuna duten pertsonei zuzenduta” dagoela azaldu du, baina aldundia “buru belarri estrategia berri batean” sartuta dagoela; mendekotasun gutxiago edo batere ez duten pertsonen “zahartzaro aktibo eta osasuntsua” bultzatzeko estrategian, alegia. Ormaiztegin martxan jarritako zerbitzua jende horri zuzenduta egongo da, eta enfoke nagusia “adineko pertsonak komunitatearekin txertatzea” izango da. Gipuzkoako Adinberri estrategiaren helburua, “Gipuzkoa zahartzaro aktiboaren alorrean mundu mailako erreferentzia” izatea dela azaldu du Olanok, eta bide horretan, “Ormaiztegik ekarpen polita” egin dezakeela.
Proiektuak 510.000 euroko aurrekontua izan du, eta horietatik 200.000 euro jarri ditu aldundiak. Hala, Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak ere, proiektua “erakunde desberdinak elkarlanean” aritu direlako gauzatu dela esan du. Gipuzkoako herri txikientzat “eredugarri” izan behar duela dio, elkarlanaren bidetik, “horrelako politikak martxan jartzea posible” delako. “Hasieratik ikusten genuen gurea bezalako herri txiki batean etorkizunari begira jarri behar genuela, eta etorkizunak markatzen du zahartzaroaren kontzeptu oso berri bat: partehartzailea, kulturan eta erakundeetan agente aktibo bezala parte hartuko duena”.
Zerbitzuaren nondik norakoak azaltzeko bilera bat egin da herritarrekin, eta prozesu bat zabaldu dute, jendeak izena eman eta taldeak osatzeko. Horren ondotik esleituko dute zerbitzua