Betiko enblemetako baten agurra
Asteazkenean itxi zituen ateak, ordiziar eta Ordiziara gerturatzen ziren askorentzat elkargune izan den Pias taberna. Bezeroak etxean bezala sentiaraztea izan da lanean helburu izan dutena.
Taberna baino, loradenda zirudien atzo Ordiziako Pias tabernak. Atetik sartu eta ezohiko irudia zegoen. Mahaiak eta aulkiak jasota, kafetera itzalduta, lokalean garbitu berri-berriaren usaina eta barrara begiratu eta ia dozena bat lore sorta. Dozena bat, bistara zeudenak, antza gehiago ere bazeuden eta. Bertan zegoen Mertxe Fernandez (Ordizia, 1956), beti bezala, dotore eta ezpainak gorriz pintatuta. 31 urtean Pias tabernako arduraduna izan dena irrifartsu zegoen, asteazkenean bezeroekin agurra egin ondoren, eta ateak itxita lasai-lasai azken lanak egiten. Urte hauetan guztietan Piasen lana egitea zer izan den eta azken egun hauek nola joan diren kontatzeko prest zegoen.
Erraz esaten da: 31 urte tabernan lanean. «1987ko abenduaren 23an ireki genuen», gogoratu du Fernandezek harro. Urte hauetan guztietan egindako lana «gustuko» izan arren, «erretiroa hartzeko garaia» iritsi zaio. «Neke pixka bat» sentitzen du baita ere. «Gogor» lan egin du urte askoan, eta bizitza berri eta lasaiago bat hasteko garaia da.
Baina ez zuen bezeroei agur esan gabe itxi nahi Pias. «Haiei guztiei esker ona adierazteko modua izan da». Asteazkenak izan dira Fernandezi gutxien gustatu zaizkion egunak. «06:30ean irekitzen genuen asteazkenero, eta ohetik 05:30ean altxatzea gogorra zen», baina lanari eta batez ere bezeroei izandako errespetuagatik, horrela egin du asteazken honetan ere.
Gainera, asteazkena zen Piasen azken eguna. Kasualitatea edo kausalitatea den ez du argitu Fernandezek, baina seguru, hark ere hala esan baitu, «egun oso-oso berezia» izan zela.
Familiako negozioa
Fernandezek eta haren senarrak orain dela 31 urte hartu zuten Pias taberna, eta beti izan dute familia osoaren laguntza. Baina hori baino historia askoz luzeagoa izan duen tokia izan da. Fernandezek baino lehenago, beste pertsona batzuk izan zuten ardura, eta haien aurretik ere izan zen beste familia bat. «Nire amaren osab- izebak izan ziren Pias taberna ireki zutenak», argitu du. Beraz, esan daiteke negozio familiarra dela, nahiz eta tartean familiakoak ez ziren beste batzuk ere izan zuten ardura.
Ordizian, Pias enblema bat izan dela esan daiteke lasai asko. Ordiziarrentzat eta kanpokoentzat elkargune bat, etxean bezela bazkaldu edo afaltzeko tokia, Ordiziako jaietan kuadrillan ogitartekoa jateko tokia, eta 2002tik aurrera, taberna goitik behera eraberritu ondoren, baita Mertxek berak egindako madalenak edo bizkotxoa gosaltzeko edo besterik gabe, kafesne goxo-goxoa hartzeko txokoa ere izan da Pias. Pasoko tokian dago, kale desberdinen elkargurutzean, eta bere kokaguneak ere lagundu du hainbeste urtean irekita jarraitzeko.
Langabezitik, tabernarira
Lehenengo Mertxeren senarra, eta ondoren Mertxe bera, langabezian erori ziren. «Fruta denda bat ireki genuen», gogoratu du, baina ez ziren lan horretan oso ondo moldatu eta une hartan Piasen ardura zutenak uztekotan zeudenez, eurek hartu zuten erreleboa. Tabernako lana berria zen bientzat, baina ederki heldu zioten erronkari.
Hasiera-hasieratik oso garbi izan zuten, «bezeroak etxean bezala sentitzea» zen helburua. Haiek etxean jaten zutena, halako produktuak eskaini zituzten beti. «Barazkiak azokan eta bestelako produktuak ere gertuan» erosten zituen Fenandezek. Jangela txiki bat zuten lehenengo urte haietan eta txiki gelditzen zen. Bazkal edo afal orduak iristean, bete egiten zen. Ondo zekien nolako bezeroak zituen, «gehiegi ordaindu gabe, plater goxoak nahi dituzten horietakoak». Hori izan da beti praktikatu duena eta ziurrenik, hainbeste urtean irekita egoteko sekretua.
Orain, «poz handiarekin» hartuko du hain merezia duen erretiroa. Eta gehiago, urte hauetan guztietan bezero izan direnen maitasuna eta errespetua ikusita. Pias, ez da loradenda bihurtu bapatean, azken egunetan, jendeak ateak itxiko zituela jakinda bezeroek Mertxeri Fernandezi opari gisa eramandako loreak dira.