Hamar ekitaldik osatuko dute gaurtik Olaberrian Kulturaldia
Ardo dastaketa gidatua antolatu dute. Herrialdeen Eguna ospatuko dute igandean, 9 posturekin. Apirilaren azkenera arte luzatuko da egitaraua
Olaberrian kultur aste zena, Kulturaldi bihurtuta ospatuko dute, gaurtik apirilaren bukaerara. Hamar ekitaldi antolatu dituzte udalak eta herriko eragileek. Gaur hasiko da egitaraua, eta urteroko saioez gain, bereziak ere badira; Zeba koruaren agurreko kontzertua, esate baterako, taldea desegin egingo baitute.
Goi mailako ardoen dastaketa da aurreneko ekitaldia. Zezilionea jatetxeak antolatuta, Bergarako Manso Hermanos upategiko Iñigo Manso adituak gidatuko du saioa. Txartelak erosi behar dira (10 euro), Zezilionean. Bakan batzuk geratzen dira.
Katan «ardo oso onak» jarriko dituztela aurreratu du Ugutz Rubiok, «maila gorenekoak». Ipar Euskal Herriko ardo bat (Imanol Garairen Ixilune), Frantziako ardoak eta xanpainak, eta galiziar albariño bat eta alemaniar Riesling bat dastatuko dituzte, Mansoren xehetasunekin hornituta.
Herrialdeen Eguna, etzi
Aurreneko astebururako, ardo kataz gain, bola txapelketa jarri dute. Bihar jokatuko da, Joxe Kerejeta zenaren oroimenean. Igandean, berriz, 19. Herrialdeen Eguna da, udal frontoian.
Bederatzi herrialde ordezkatuko dituzte, Olaberrian edo inguruan bizi diren bizilagunek. Sahara-Mauritania da berritasuna; batera jarriko dute postua.
Aurten, Galizia izango da herrialde gonbidatua. EguzkiFole musika talde gasteiztarrak girotuko du jaia, galiziar gaitekin eta perkusioarekin. Ohi bezala, toki bakoitzeko jakiak eta edariak probatzeko aukera izango da. Frontoira sartzeko, 4 euroko sarrera ordaindu behar da; Zezilionean erosi behar dira txartelak.
Gastronomiak eta kirolak pisu handia izango dute, gainontzean, Kulturaldian. Garagardoak nola egiten ikasteko saio bat egingo dute aurten ere, iaz bezala. Jose Bernardo Aldasorok azalduko du, Arkupe elkartean.
Goierriko Kopa pala txapelketa, eta elikaduraz hitzaldia nahiz Alzheimerraz ipuin kontaketa ere izango dira, besteak beste.
Egitaraua:
· Gaur. Ardo dastaketa gidatua, Iñigo Mansorekin. Ihurre Zahar kultur etxean, 20:00etan.
· Bihar. 23.Joxe Kerejetaren Oroimeneko Bola Txapelketa.
· Igandea. 19. Herrialdeen Eguna, pilotalekuan, 13:00etan.
· Martxoak 9. Garagardo tailerra. Arkupe elkartean, 09:00etan.
· Martxoak 17. Goierriko 9. Kopa pala txapelketaren finala.
· Martxoak 26. Miru kontalaria, ‘Nor zara?’ Alzheimerraren inguruko ipuinak. Ihurren, 17:45ean.
· Martxoak 31. Zeba abesbatzaren agur kontzertua. Eliza, 13:00.
· Apirilak 9. Elikadura tailerra.
· Apirilak 13. Korrikaren pasaera.
· Apirilaren 15etik 26ra. Haurrentzat ‘Oporretan jolasean’.