Zaldibian 44. Mus Txapelketa jokatuko dute bihar, Zubi-Burun
Goierriko mus txapelketa antzinakoetako batek bihar izango du beste ekitaldi bat. Zaldibiako Zubi-Buru elkartearen 44. txapelketa 16:30ean hasita jokatuko da. Ehundik gora muslari batu izan dira, aurreko urteetan.
Astebeteren buruan, bigarren hitzordu jendetsua izango da Zaldibian, musaren inguruan. Lehengo larunbatean, Euskal Herriko 11. Txapelketako Gipuzkoako finalean aritu ziren herrialde guztiko 220 lagun, Herri Antzokian kasu hartan.
Bikoteko 20 euro da izen-ematea. Lau erregera, eta sei hamarreko hiru ustelera da jokoa.
Lehenengo zortzi bikote sailkatuei emango diete saria. Irabazleek txapela bana eta lau lagunentzat asteburuko egonaldia jasoko dute saritzat. Bigarrenek, lau lagunentzat itsaski jana.
Zozketa eta opariak
Bestelako sariak ere jarri ditu Zubi-Buruk. Muslari bikote gazteenarentzako Urtsu tabernan afari bat emango dute. Partaide guztien artean, bestetik, arkume bat zozkatuko dute.
Iaz, Hila Carmona billabonarrak eta Jose Miguel Guillorme beasaindarrak irabazi zuten Zubi-Buruko mus txapelketa. Finala Iñaki Imaz eta Igor Barbero zaldibitarrei irabazi zieten. 41 bikotek parte hartu zuten.
Sariak
1. Txapelak eta egonaldia 4 lagunentzat.
2. Itsaski otordua, 4 lagunentzat.
3. Bazkaria Lazkao-Etxen (4 lagun).
4. Bazkaria Larrarten (4 lagun).
5. Bazkaria Gartziategin (4 lagun).
6. Bi txuleta eta 2 afari Joxepanen.
7. Bi txuleta eta 2 afari Beti-Gazten.
8. Afaria Illatin (2 lagunentzat).