'Maritxipi eta Amatxo' ipuina kontatuko du Joxemari Carrerek Legazpin
Kontaketa eta liburuaren aurkezpena asteazkenean izango dira, Legazpiko Kultur Etxean ikusgai dagoen 'Motxiladun Haurrak' erakusketaren osagarri
Euskal presoen haurrak jaiotzen dira kartzelan eta hiru urte betetzen dituztenean unerik gogorrena dator umea amarengandik banatzen dutenean. Sara Majarenas euskal preso ohiak egoera hori alabari nola kontatu asmatzeko ipuina idatzi zuen, hain zuzen, Maritxipi eta Amatxo ipuina. Joxemari Carrere ipuin kontalariak egindako moldaketekin eta Mikel Orbegozo lagunak eta presoak egindako ilustrazioekin. Ipuin kontaketa, asteazkenean izango da, Legazpiko Kultur Etxean, 18:00etan.
Kontaketa eta aurkezpena otsailaren 22tik eta datorren ostiralera arte kultur etxean ikusgai dagoen Motxiladun Haurrak erakusketaren osagarria da. Erakusketa Sarek sortu du euskal presoen seme-alaben errealitatea gizarteratzeko.