Telefonorako aplikazio berria aurkeztu du Ordiziako udalak
Telefono aplikazio berria aurkeztu du Ordiziako udalak. Aplikazio berriaren helburua “ordiziarrekin hartu eman azkarra, zuzena eta hurbila izatea” dela esan du Jose Migel Santamariak Ordiziako alkateak. Albisteak, agenda, kontaktuak eta beste hainbat atalez gain, herritarrek udalari jakinarazpenak eta eskariak egiteko aukera izango dute, parte hartzea deitu duten atalean. ACV Multimedia enpresak egin du tresna berria.
Dagoeneko eskuragarri dago Android eta Apple telefonoetan instalatu ahal izateko. Aplikazio dendan Ordizia hitza bilatuta doain instalatu daiteke. Hamabi atal ditu: albisteak, agenda, idatzi, Ordizian elkartea, turismoa, Ordiziako azoka, herriko taldeak, parte hartzea, multimedia, garraio publikoaren informazioa, telefono interesgarriak eta guardiako farmaziak. Aplikazioa bi hizkuntzatan dago.