Aspaceren Urretxuko egoitza Pasiotarren etxera eramango dute
Aspacek, Urretxuko Udalak eta Foru Aldundia elkarlanean bideratu dute proiektua. Markel Olano diputatu nagusiaren bisita izan dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urretxuko Udalak eta Aspacek Pasiotarren etxea zen eraikinean desgaitasuna duten pertsonentzako zentro integral bat eraikitzea adostu dute. Eguneko zentroa eta etxebizitza edukiko ditu. 2021erako amaituta egongo da. Udalak eraikin horretan herriko adinekoentzako apartamentu tutelatuak eta zaintzaileentzat eskola ere egin nahi ditu.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, Pasiotarren etxean bertan. Ekitaldian, Markel Olano ahaldun nagusiak, Maite Peña Gizarte Politika diputatuak, Elisa Carmona Aspace Gipuzkoako lehendakariak, Miguel Angel Gomez Urretxuko eguneko zentroko erabiltzaileak eta Jon Luqui alkateak parte hartu zuten. Iñaki Etxaniz eta Nati Nieves zinegotziak ere bertan izan ziren.
Alkatearen iritzia
Urretxuko alkatea pozik azaldu zen. «Gogor lan egin dugu gaurko egunera iristeko. Opari polit bat da guretzat eta gurekin harreman estua duen Aspacerentzat. Aspacek 41 urte daramatza Urretxun eta beraien egoitza kaxkar samarra da. Hori dela eta, komentuaren zati bat emango diegu. Aldundiaren laguntzarik gabe ezingo genuke halakorik egin».
Udalak komentuaren lehen solairua utziko dio Aspaceri, doan. Egungo egoitzan irisgarritasun arazoak dituzte eta, gainera, bertan ez da zerbitzu integrala eskaintzen. Obra Aspacek egingo du.
Carmonak egoitza berria erabat beharrezkoa dutela esan zuen eta udalari eta aldundiari eskerrak eman zizkien. Gomezek Urretxuko eguneko zentroko erabiltzaileak egoitza berriaren zain 11 urte daramatzatela gogoratu zuen. «Etxebizitza bat izango duen zentro integrala gure ametsa da. Duela 58 urte jaio nintzen Urretxun. Nire gurasoak hil zirenean, Aspacek Arrasaten duen etxera joan behar izan nintzen. Baina niretzat oso garrantzitsua zen nire herriarekin nuen loturari eustea. Hori dela eta, egunero garraio publikoa hartu eta Arrasatetik Urretxura etortzen naiz. Nik ahal dut, baina beste batzuek ez. Hori dela eta, nire kide guztien izenean, eguneko zentro guztiek etxebizitza edukitzea eskatu dut beti».
Olanok gizarte solidarioa hezurmamitzen jarraituko dutela aurreratu zuen. «Egoitzetan eta eguneko zentroetan 213 plaza sortuko dira legealdi amaierarako eta 2.324 pertsona artatu. Estrategia integral hori 2018-2021 Gizarte Zerbitzuen Mapan islatuta dago. 869 plaza berri sortzea proposatu dugu eta horietatik 155 desgaitasuna duten pertsonei zuzenduak egongo dira». Bukatzeko, komunitatearen garrantzia azpimarratu zuen.