Emakumeek "mundu berria" eraikitzeko "iraultza feminista" hasi dute, manifestazio jendetsuarekin
Greba feministaren bukaera ekitaldia Lazkaon izan da, gaur iluntzean. Ehunka manifestari elkartu dira, gehienak emakumezkoak. "Historiaren atal berria" idazteko ekimena hartu dute, "elkarrekin ahaldunduta"
Bigarren greba feministari bukaera jendetsua eman diote, milaka goierritarrek. Ordiziatik, Beasaindik eta Lazkaotik abiatutako hiru ema-uholdek itsaso zabala, anitza eta aldarrikatzailea sortu dute Lazkaon. Azken urteetako Goierriko manifestazio jendetsuena osatu dute, eta mezu garbia jaurti dute bukaeran: historiaren atal berria hastera doa, eta emakumeek idatziko dute.
Arratsaldeko 18:30a jo bezain pronto, hiru zutabeak Senpere auzoko biribilgunerantz abiatu dira. Goierri guztiko herritarrek bat egin dute martxarekin. Batzuk Lazkaoko plazatik joan dira Senperera; Beasaingo plazatik Oriako Pasealekuraino jaitsi dira, Lazkaibartik sartzeko. Ordiziako Plaza Nagusitik ere, Urdaneta kalean behera, hara jo dute.
Senperen bat egin, eta 19:20a aldera abiatu da manifestazioa, Lazkaora. Protesta anitza izan da, adin askotako jendea (gazteak nagusi), emakumezkoak gehiengo handia, baina gizonezkoak ere bai tartean. Haurrak ere bai. Heteropatriarkatu kapitalistari planto pankarta zabaldu dute Ordiziako eta Lazkaoko zutabekoek (gero manifestazioaren buruan eraman dutena); Mariren herriak emango dio su patriarkatuari Beasaingoak.
Irrintzika, oihuka, kantuan eta leloak etengabe aireratuz egin dute Senperetik Lazkaorako bidea. Eliza katolikoarekin eta Donostiako gotzainarekin gogoratu dira, “Gora borroka feminista” aldarrikatu dute, matxismoaren aurkako mezuak bota dituzte, eta emakumearen gorputzaren jabe emakumea dela oroitarazi dute. Borroka feministaren aldekoak izan dira gehienak, gaztelaniaz ere bai tartean.
“Elkarrekin ahaldundu gara”
Lazkaoko kaleetan bira bat egin ondoren, tarteka geratu eta lurrean eserita (kantatzeari utzi gabe), Euskadi plazako frontoian bukatu da manifestazioa. Egunean zeharreko argazkiak proiektatu dituzte lehenengo. Ondoren, herrietan bildutako mezu batzuk irakurri dituzte, arabieraz ere bai bat. Egunaren irakurketa iritsi da ondoren, euskaraz eta erdaraz.
Goierrin 20 ekitaldi baino gehiago antolatu eta burutu dira gaur, Euskal Herrian 200dik gora. Mundu osoan, 140 herrialdek bat egin dute M-8arekin. Horien antolatzaileak eta parte-hartzaileak zoriondu dituzte. Toki bakoitzean, bertako errealitateari erantzutea lehenetsi dute. “Elkarrekin ahaldundu gara, eta hori da gure garaipen nagusia”.
“Bizitzak erdigunean” jarriko dituen gizarte bat behar dela esan dute, eta greba “lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoen arteko bereizkeria” gainditzeko izan dela argitu dute. “Mundu berri bat” sortzearen beharra galdegin dute, eta hori “iraultza feministarekin” lortuko dela proposatu.
Bestetik, politika feminista ausartak eskatu dituzte. “Zaintza sistema publikoa eta doakoa nahi dugu. Emakumeon enplegu prekarioarekin eta lanaldi bikoitzekin amaitu nahi dugu. Etxeko langileentzat lan eskubideak nahi ditugu. Emakume pentsiodunentzat, 1.080 euroko pentsioak”.
“Historiaren kapitulu berri bat” idazten ari direla esanez bukatu dute hitzaldia. “Eta oraingoan inork ez digu geurea den protagonismoa lapurtuko”. Esketx batekin, Martxoaren 8ko abestiarekin eta trikitilarien erromeriarekin bukatu da ekitaldia.