Gabiriako errezil sagar landareak gaur aldatuko eta banatuko dituzte
Erbie elkarteak 300 sagarrondo landare txertatu ditu. Herri sailean sartuko dituzte batzuk. Beste 250 bat, herritarren artean banatuko dituzte.
Gabiriako errezil sagarra indartzeko proiektuarentzat egun seinalatua izango da gaurkoa. Erbie elkarteak 300 sagarrondo-landare ekarri ditu Lleidatik, eta bertako errezil sagarraren mentuekin txertatu zituzten. Atzo, egun osoko lana izan zuten hiru kidek, zeregin horretan.
Zuhaitz handi egiten eta hazkuntza luzekoa den M111 patroiko 100 landare, eta M9 nanoaren 200 ekarri dituzte. Txertatze teknika ingelesa erabilita, mentu bana erantsi diete txertaka guztiei. Josu Osa eta Gabino Murua adituek gidatu dute.
Balentzategi herri eskolako ikasleekin ere saioa egin zuten, atzo arratsaldean. Erbiek eta Gabiriako Udalak diseinatutako proiektuan, herriko ikastetxeak ere parte hartuko du.
Banaketa gaur
Bi modutara enplegatuko dituzte errezil sagarrondoekin txertatutako landareak. Herritarrei banatuko dizkiete 250 bat, gaur 16:00etatik 18:00etara, plazan. 31 baserritarrek eskatu dituzte landareak, aurrez. Udalak 100 haritz landare ere banatuko ditu.
Kurutz-Bakarreko herri sailean aldatuko dituzte beste 50 bat landare, Erbie elkartekoek, gaur arratsaldean bertan: M111 patroiko 9, M9ko 18, eta erreserbarako beste batzuk. 324 metro koadro ditu sailak, eta errezil sagarrondoen sagasti bihurtuko dute.