Greba feministak emakumeak kalera atera ditu berriz, "bizitzak erdigunean" jartzeko aldarriarekin
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba egunak erantzun zabala izan du Goierrin. Eguerdian jendetza bildu da herririk hazienetan egin dituzten ekitaldietan. Iluntzean, manifestazioak egingo dituzte Goierri beheko nahiz garaiko herrietan.
Emakumeek planto egin dute, beste behin. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta herriz herri sortutako taldeek antolakuntzarako gaitasun handia erakutsi dute aurten ere. Greba feministak arrastoa utzi du Goierriko herririk gehienetan. Hainbat ikastetxetan zerbitzu minimoak egin dituzte, eta lantegi askotan, egun osoko greba ez bada, lanuzteak egin dituzte eguerdian. Beasainen, Ordizian, Lazkaon, Legazpin eta Urretxu-Zumarragan, elkarretaratze jendetsuak egin dituzte, kolore morea eta berdintasunaren aldeko aldarrikapena eskualde osora zabalduz.
Mugimendu feministak “kapitalismo heteropatriarkalari planto” esan nahi izan dio, “bizitzak erdigunean” jarrita. Izan ere, “prekarietatea lan mundutik haratago” doala diote, bereziki, emakumeek egunerokoan egiten dituzten zaintza lanak gogoan hartuta. Hala, bereziki gogoan izan dituzte grebarako eskubiderik ez dutenak, “egoera prekarioetan etxe barruko zainketetan” ari diren emakumeak eta baita “lan baldintza duinengatik borrokan eta greban diharduten zaharren egoitzetako langileak” ere.