Haurrak eta adinekoak batuko ditu musika eskolak Lazkaon aste betean
Lazkao Txiki Musika Eskolak seigarren kultur astea antolatu du, martxoaren azkeneko asterako .Hammond organoa, bingo musikala eta ‘Nova’ ikuskaria dira berritasunak
Martxoaren azkeneko astea kulturaz eta musikaz hornituko du Lazkao Txiki Musika Eskolak, Lazkaon. Zazpi eguneko egitaraua prestatu du, eta herenegun aurkeztu zuten eskolaren arduradunek. Herriko eragile ugariren lankidetza izan dute, beste behin. Ikastola, Gerriko elkartea, Oin-Arin, Maizpide, Lazkaon, udala, Txindoki egoitza eta Orobione laguntzaile dira. Musikari dantza, hitzaldiak, lehiaketak eta jolasak gehituko dizkiote.
Berritasunen artean, adinekoei eskainitako bingo musikala da bat. Areriako atalondoan egingo dute, eta zenbakidun kartoiak eduki ordez, entzungo dituzten musika-doinuen izenburuak identifikatu beharko dituzte.
Musika eskolako irakasleek mamiz hornituko dute kultur astea. Fredi Pelaezek, Hammond organoari buruz saio bat egingo du. «Ez da oso ohikoa organo mota hori», aurreratu du Eneritz Jauregi zuzendariak.
Beñat Barandiaranek, azken aldietako bidetik segita, Nova ikuskaria ondu du. «Musika garaikidea eta esperimentazioa puri-purian daude. Tresna berriak etengabe ari dira sortzen, eta ez, pentsa daitekeen bezala, elektronikoak; zaharrak eta mekanikoak baizik», aurreratu du Barandiaranek. Bestetik, etorkizuneko musika zer bidetatik joan daitekeen iradokiko du.
Kantu eta trikiti lehiaketak
Kultur astean txertatuta, V. Euskal Kantu Txapelketa jokatuko da. Izen-emate epea martxoaren 15era artekoa da. Gehienez 12 talde onartuko dituzte, bakoitzean 12 lagun baino gehiago ez direla. Grabatutako musikarik ez, eta norberak sortutako musika jo eta kantatzea dira baldintzak. Goierri osora zabaldu dute deialdia.
Goierriko eta inguruko trikitilariek haien trebezia erakusteko plaza izango dute Lazkao, III. Trikiti Txapelketarekin.
Hitzaldien atalean, Izaro Andres eta Iker Lauroba musikariak gonbidatuko dituzte, elkarrizketatzeko. Meditazioa lantzeko musika tibetarraren dohainak azalduko ditu Olga Sanchezek. Ipuin musikatu eta antzerki musikal bana ere jarri dituzte. Dantzarako, berriz, Tio Teronen Semeak taldeak ikuskizuna egingo du.
Musika-kultur astea:
Martxoak 25
· 13:30. ‘Bluesarekin jolasean’, Joseba Loinazen tailerra, kultur etxean.
· 17:30. V. Euskal Kantu Txapelketa, Arerian.
· 20:00. Hammond organoa, Fredi Pelaezekin, kultur etxean.Martxoak 26
· 10:30. Bingo musikala, Arerian.
· 14:30, 15:15, 16:00. Ipuin musikatua, ikastolakoentzat (HH4, HH5, LH1), kultur etxean.
· 18:00. Plater tibetarrak.
· 21:30. ‘Nova’ ikuskaria, Arerian.Martxoak 27
· 11:00. Dantzaldia jubilatuentzat, Orobione aurrean.
· 14:30. ‘Piztien lurraldea’ antzerki musikatua, ikastolakoentzat.
· 19:00. Izaro Andres eta Iker Lauroba elkarrizketa, kultur etxean.Martxoak 28
· 11:00, 14:30. ‘Nova’ emanaldiak, ikastolakoentzat, Arerian.
· 17:00. ‘Musika kalean’, frontoian
· 18:30. Erromeria, frontoian.Martxoak 29
· 11:30. Euskal kantuen kantaldia, Maizpiden, hango ikasleekin.
· 17:00. ‘Txantxariak’ kale animazioa haurrentzat, frontoian.
· 19:00. Musika eskolako konbo taldeen kontzertua, frontoian.Martxoak 30
· 17:00. Lazkaoko III. Trikiti Txapelketa, frontoian.Martxoak 31
· 13:00. Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizuna, frontoian.