Ilusioa helburu duen taldea
Emaitzak laguntzen ari ez badira ere, lanean gogotsu jarraitzen dute Ordiziako Basoa Banaketak saskibaloi taldeko mutilek. EBA mailan bigarren denboraldia dute 2018-2019 liga.
Lana, ilusioa, laguntasuna, errespetua, hobetzeko grina. Horiek dira Ordizia saskibaloi taldea definitzen duten hitzetako batzuk. Pasa den denboraldian igo ziren EBA ligara eta mailari eusteko ahaleginean gogor baino gogorrago ari dira lanean, eta justu oraintxe, taldearentzat oso garrantzitsua den urteurrenaren atarian daude. Urrezko ezteiak egingo dituzte, 50 urte beteko dituzte. Horren guztiaren eta denboraldiaren martxaren inguruan luze eta zabal aritu dira Basoa Banaketak taldearen azkeneko fitxaketa eta taldean lehenengo denboraldia duen entrenatzailea.
Kirol talde handienetan bezala, Ordizia saskibaloi taldea ere izarrak fitxatzen ari da azken denboraldiotan. Horietako bat denboraldia hastearekin batera iritsi zen entrenatzaile berria da. Iñaki Jimenez du izena, donostirra da eta ederki ezagutzen du saskibaloiko EBA liga: Leihoak Zarautz taldea entrenatzen izan zen 2015-2016 denboraldian eta ondoren Ulacia Grupo 2017-2018 denboraldian. «Ilusio handiarekin» heldu zion Ordiziako klubak aurrean jarritako erronkari.
Taldean ondo egokitzen eta gustura ari da lanean. Gainera, bigarren itzulian «ederki» ari direla adierazi du, nahiz eta emaitzak «nahi bezain onak ez izan». Pasa den asteburuan, Pas Pielagos talde nafarraren aurka jokatu zuten etxean, Majori kiroldegian. 74-87 izan zen emaitza eta polemikaren bat edo beste ere izan zen kantxa barruan. Baina «burua tente» eta aurrera jarraituko dute Ordiziako mutilek. Kemena behintzat badute eta beraien lana egiten jarraituko dute, denboraldi amaierako helburu nagusia lortu ahal izateko.
Hori bai, beste behin ere, pasa den larunbatean, Majoriko harmaila txiki gelditu zen. Jokatu beharreko partidaz gain, bazeukaten sorpresa txiki bat baita ere. Datorren denboraldian 50 urte egingo ditu taldeak eta logo berria aurkeztu zuten. Ordiziako Basoa Banaketak duen beste gauza handietako bat da zaletuek ez dutela kale egiten.
«Bigarren itzulian ederki ari gara, baina emaitzak ez dira nahi bezain onak»
Iñaki Jimenez (Entrenatzailea)
«Taldeari lagundu eta datorren denboraldian EBA ligan jarraitzea da helburua»
Josh White (Jokalaria)
Maila hauetan, hainbeste zaletu gerturatzea ohikoa ez dela esan du Jimenezek. Baina Ordizian «zerbait berezia da etxean jokatzea». Kanpotik datozen taldeek «presio handia» sentitzen dute eta etxekoak «oso babestuta» sentitzen direla ere esan du. «Eskerrak ematea baino ez zaigu falta».
Joko maila ona baina Jimenezek berak esan bezala, emaitzak ez dira iristen eta EBA ligan mantentzeko behar-beharrezkoa den zerbait da. Hori horrela, taldea indartzeko beste ahalegin bat gehiago egin du klubak. Jende handiaren falta zuten eta aukera suertatu zenez, Josh White estatubatuarra fitxatu du.
Los Angelestik Ordiziara
Gabonen aurretik iritsi zen Josh White Ordiziako taldera. Kaliforniarra da (Ameriketako Estatu Batuak), Los Angeles hirian jaiotakoa, 28 urte ditu, 2 metro eta 2 zentimetro neurtzen ditu, barruko posizioetan jokatzen du eta bere ametsa saskibaloi jokalaria izatea izan da txiki-txikitatik. Eskolan ekin zion kirol ibilbideari. Futbol amerikarra egin zuen saskibaloian hasi aurretik, baina nahiko garbi zuen saskibaloia zela berea.
Ordiziako taldera iritsi aurretik, ibilbide luzea egin duen gizona da. Txinan, Kolonbian eta El Salvadorren aritu zen jokatzen, baina Espainiako liga ere ezagutzen du, orain dela denboraldi pare bat Plasencian (Extremadura) egon baitzen jokatzen. Baina hemen aukera gehiago izango zuelakoan, talde urdinak egindako eskaintzari baiezkoa eman eta bitan pentsatu gabe etorri zen.
Whitek adierazi duenez, «oso gustura» sentitzen da Goierrin, eta «poliki-poliki» taldera egokitzen ari da. Hizkuntza oraindik menderatzen ez badu ere, eta horrek batzuetan jendearekin harremanak izateko garaian oztopoak sortzen badizkio ere, saskibaloiagatik edozer gauza egiteko prest dago eta hala erakutsi du gainera. Familia osoa Ameriketan utzita etorri da, baina Ordizian «etxean bezala» sentitzen dela esan du.
Ordizia, «toki lasaia» dela esan du eta horregatik ere «gustura» dagoela. Kontuan izan behar daTxinatik datorrela, eta hori «beste mundu bat» dela.
Denboraldia hasita iritsi zen eta hasiera-hasieratik oso garbi daukan zerbaitera etorri da: «Taldearentzat lan egitera etorri naiz». Helburu nagusi bat ere badu, «taldeari lagundu eta datorren denboraldian Ordiziak berriro ere EBA ligan jokatzea». Hori horrela, taldearen esanetara dago eta momentuz «ederki» moldatu da talde barruan.
Solares izango du aurrez aurre Basoa Banaketak taldeak
Partida oso garrantzitsua jokatuko du Ordizia Basoa Banaketak taldeak igandean, 18:00etan, Solaresko (Kantabria) Mies de Morro pabilioian. Aurkaria CB Solares izango da eta aurreko astebukaerara arte sailkapen nagusiko azkeneko postuan zegoen. Baina gauzak aldatu ziren eta orain, Ordiziako taldea da azkeneko postu horretan dagoena.
Bigarren itzulian hobekuntza handia egin duten bi talde egongo dira, beraz, aurrez aurre. Kantabriarrek lehenengo 12 partidak galdu ondoren, azkeneko 7 partidetako 4 irabazi dituzte. Ordiziarrek, aldiz, jokoan izandako hobekuntzari ezin izan dizkiote emaitza onak gehitu. Baina, hala ere, gogotsu jarraitzen dute lanean.
Igandera begira, Solaresen lerroetan begietatik kendu ezingo dituzten hiru jokalari daude. Sergio Garcia kantabriarra eta Richard Freeman eta James Pegues estatubatuarrak. Azken hau, bigarren itzulirako fitxatutako jokalaria da eta bera iritsi zenetik, zortea dexente aldatu zaio taldeari. Izan ere, 4 garaipen eta 4 porrot izan dituzte.
Lehen itzulian, Majorin jokatu zuten ordiziarren aurka eta etxekoak izan ziren nagusi, 69-67 emaitzarekin.