Zumba egingo dute lehenengoz, igandeko Kirola Elkarrekin jardunaldian
Legazpik kirol topaketak hartzen dituen zortzigarren urtea da. Aurten Lakiolara igoko dira mendi martxan. Legazpiko elkarte askok laguntzen dute antolaketa lanetan
Legazpik zortzigarren urtez hartuko du Kirola Elkarrekin jardunaldia. Orain zortzi urte lehenengoz antolatu zutenean izandako arrakastak orduz geroztik jardunaldiak antolatzen jarraitzea eragin duela diote Atzegiko antolatzaileek. Hainbat dira antolaketa lanetan laguntzen duten elkarteak, eta guzti-guztien iparra adimen urritasuna dutenen inklusioa kirola baliatuz ahalbidetzea da. Jardunaldia etzi egingo dute 09:30ean hasita. Ohikoak diren kirolez gain, aurtengo berritasuna da zumba saioa egingo dutela. Mendi martxan, halaber, nobedadeak daude, izan ere lehenengo urteetako ibilbidea berreskuratu, eta Lakiolara igoko dira Aztirira joan beharrean.
Guztira hamalau elkartetako 400 bat kirolari elkartuko dira Legazpin. Zortzi kiroletan arituko dira: igeriketa, futbola, mendia, pala, bola jokoa, indoor txirrindularitza, saskibaloia 3×3 eta zumba.
Jardunaldian parte hartuko duten kirolariak Euskal Herriko hegoaldeko lurralde guztietatik iritsiko dira eta hainbat elkartetako kideak izango dira: Gautena (Gipuzkoa), Konporta (Gipuzkoa), Mindara (Gipuzkoa), Gorabide (Bizkaia), Gaude (Bizkaia), Aspace (Araba) eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa.
Kirolari horiei ongietorria egingo diete Legazpiko Udalak eta Atzegiko kideek 09:30a inguruan. Ondoren, kirol jarduerak hasiko dira 10:15ean eta 13:00etara arte arituko dira jokoan. Futbola Bikuña zelaian, saskibaloia kiroldegiko kantxan, bola jokoa Mauleon hoteleko bolatokian, igeriketa kiroldegiko igerilekuan, barruko txirrindularitza eta zumba kiroldegian, mendi martxan Lakiolara joango dira eta palan Urbeltz pilotalekuan arituko dira.
Kirolaren ondoren elkarrekin bazkalduko dute Gizarte Zentroan 13:30ean hasita eta bazkalostean, 14:45etik aurrera dantzaldia egongo da.
Kirolean ez dira bakarrik adimen urritasuna duten pertsonak arituko, aitzitik urritasun fisikoak eta urritasunik ez dutenak batuko zaizkie kirol espazioetan eta den-denek elkarrekin partekatuko dute jardunaldia.
Topaketa lagungarria da kirolarien zein haien familien bizi kalitatea hobetzeko balio duelako. Eta Legazpiko herriak jardunaldiekiko duen atxikimenduaren isla da antolaketan parte hartzen duten elkarte guztien zerrenda: Atzegi, Legazpiko Igeriketa Taldea, Izadi Zaleak taldea, Ilintxa, Legazpiko Gazteak Pilota Eskola, Danantzako bola elkartea eta Andraitz elkartea. Udalak, Gizarte Zentroak eta kiroldegiak ere laguntzen die.