Mozorroa erantzi ezinik
Lazkaon eta Legorretan inauteriak luzatu egin dituzte, eta gaur ere mozorrotuta atera dira kalera.
Inauteri gosez geratu denak Lazkaora edo Legorretara gerturatu besterik ez du. Bi herrietako gazte asanbladek festa antolatu dute egun osoan zehar. Parte hartzeko baldintza bakarra, mozorrotuta irtetea.
Lazkaon ofizioz mozorrotu dira: udaltzainak, talogileak, txorroskileroak… denetariko mozorroak ikusteko aukera izan da. Trikitilariekin poteoan ibili ostean, herri bazkaria dute orain. Arratsaldean, R Ke R elektro-txarangak alaituko ditu Lazkaoko kaleak eta, iluntzean, 23:00etatik aurrera, Antsoategi tabernan karaokea izango da.
Legorretan gaia librea da. 18:00etatik aurrera mozorro–desfilea egingo dute inaute–giroa herrian zabaltzeko, eta 23:00etan Hell Riders taldeak kontzertua joko du gaztetxean.