Mugarri berri bat jarri dute Goierriko emakumeek
Manifestazio erraldoi batekin bukatu dituzte Martxoaren 8ko ekitaldiak Goierrin. Atzoko egunak utzitakoaren errepasoa ikusgai da, bideo eta argazkietan:
Goierrik inoiz hartu duen manifestaziorik jendetsu, anitz eta zabalenak bukatu zuen atzo Martxoaren 8ko greba feminista. Milaka lagun elkartu ziren Beasaindik, Ordiziatik eta Lazkaotik abiatutako hiru zutabeetan. Lazkaoko ekitaldian, “historiaren atal berri bat” idaztera doazela esan zuten, “eta oraingoan inork ez digu geurea den protagonismoa lapurtuko”.
Goierrin 20 ekitaldi baino gehiago egin zituzten atzo, Euskal Herrian 200dik gora. Mundu osoan, 140 herrialdek bat egin dute M-8arekin. Horien antolatzaileak eta parte-hartzaileak zoriondu dituzte. Toki bakoitzean, bertako errealitateari erantzutea lehenetsi dute. “Elkarrekin ahaldundu gara, eta hori da gure garaipen nagusia”.
“Bizitzak erdigunean” jarriko dituen gizarte bat behar dela esan dute, eta greba “lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoen arteko bereizkeria” gainditzeko izan dela argitu dute. “Mundu berri bat” sortzearen beharra galdegin dute, eta hori “iraultza feministarekin” lortuko dela proposatu.