Goierriko 837 emakumek parte hartu dute Lilatoian
Lilatoiak 30 urte bete ditu aurten, eta partehartze markak ondu ditu, beste behin. Goierritarrek arrastoa utzi dute aurten ere, bai podiumean, eta baita korrikalari kopuruan ere.
Lilatoiak markak hausten jarraitzen du; aurten 6.200 emakume zeuden izena emanda, eta 5.400ek bukatu dute lasterketa. Goierritarrek utzi dute aurten ere arrastoa; guztira, eskualdeko 837 emakumek parte hartu dute. Gainera, hiru talderik jendetsuenak bertakoak izan dira: Urretxu-Zumarraga Ikastola, Ordiziako Jakintza Ikastola eta Legazpiko Haztegi ikastolakoak. HITZA taldean ere, goierritar ugarik parte hartu zuten.
Sailkapen nagusiari dagokionean, Izaro Rubio izan da goierritarrik azkarrena, hirugarren tokian. Lorea Ayala irabazlearekin eta Nerea Egia bigarren sailkatuarekin batera igo zen ordiziarra podiumera.
Gainontzean giro ederra izan zen nagusi parte-hartzaileen artean. Aurretik zunba saioa egin zuten, festa girotzeko. Eta lasterketan zehar ere, ez zen musikarik eta jai girorik falta izan. 30 urte bete ditu berdintasunaren aldeko lasterketak, eta festa, kirola eta aldarrikapena uztartu ditu, beste behin.
Giro paregabea bizi izan dute eta, bukaeran, Edurne Garmendia aurkezle ordiziarrak “Ordiziarrak gera” abestia eskatu dienez, bukaera ezin hobea eman diote gaurko lasterketari. #lilatoia pic.twitter.com/gmqMvuzhxw
— Jakintza Ikastola (@jakintza) 2019(e)ko martxoaren 10(a)