Rock&Rolla eta lagunak, Olarius oroituz
Duela urtebete hil zen Jon Olano ‘Olarius’ eta hura gogoratzeko eguna izan zen atzokoa. Haren lagunek antolatuta, egun osoko festa giroko ekitaldia egin zuten, berak nahiko lukeen bezala.
Zaldizurreta kalean haren omenezko murala margotu zuten herriko artistek. Plazatik abiatuta, poteoa egin zuten, musikaz lagunduta. Rock munduari estuki lotua egon zen Olarius, eta hala gogoratu zuten, rock disko mitikoak jarrita. Bazkariaren ondoren, gaztetxe aldera abiatu ziren.
Han egin zuten Olarius gogoratzeko ekitaldia. Hainbat lagunek hitz batzuk eskaini zioten, eta “umiltasunetik” baina “beti lanean” aritzen zela gogoratu zuten. Unerik hunkigarrienetako bat, Iban Apaolaza preso politiko beasaindarrak bidalitako gutuna irakurri zutenekoa izan zen. Haren irudiekin osatutako bideo bat eman zuten, eta Señor No taldearen kontzertuarekin bukatu zuten eguna.