Sustraia dantza taldekoek jaietako dantzen entseguei ekingo diete
Inauterietako konpartsa atera ondoren, astebeteko etenaldia egin dute eta bihar bertan hasiko dira larrain zein kapela dantzen entseguekin
Egutegiak aginduta, astebeteko etenaldi laburraren ondoren, Santikutz jaietan egingo dituzten larrain eta kapela dantzen entseguei ekingo diete bihar Sustraiak dantza taldeko kideek. Inauterietan Maskarada konpartsa atera zuten. Dantza horien entseguak azaroan hasi ziren eta haiek amaitu berritan egokitu zaie aurtengoan jaietako dantzen entseguekin hastea. Hitzorduak, ohi bezala, astearteetan eta larunbatetan izango dira taldearen egoitzan; astearteetan 20:15ean eta larunbatetan 17:00etan.
Inauterietan 130 bat lagun atera ziren dantzan, «oso esperientzia ona» izan zela dio dantza taldeko Jon Dorronsorok. Urteak dira inauterietako konpartsak eta jaietako dantzak prestatzen dituztela. «Helburua jendeak dantza egin dezala da», azaldu du.
Orain jaietako dantzak prestatzen hasiko dira. Larrain dantzan ez dute aldaketarik egiten, kapela dantzan koreografia aldatzen dute. Kapela dantza maiatzaren 3an dantzatuko dute eta larrain dantza maiatzaren 11n, «atzeratu egin dugu bigarrena taldeko kideak egon daitezen 4an ekitaldi asko dagoelako».
Inauterietako dantzan parte hartzea handia izan da eta askok jaietako dantzak ikasteko asmoa agertu dute.