Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek utzi egingo diote GEDren bozeramaile izateari
Gure Esku Dagok ziklo berri bat hasiko du martxoaren 31tik aurrera; Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaileek ez dute lehen lerroan jarraituko.
Ziklo bati amaiera eman eta berria zabalduko du Gure Esku Dagok, martxoaren 31an Bilbon egingo duten ekitaldian. Angel Oiarbide idiazabaldarrak eta Zelai Nikolas barrikarrak Gure Esku Dago erakundearen bozeramailetza uztea erabaki dute. Ekitaldi horretan jakinaraziko dute nork hartuko dien erreleboa. Sei urtez aritu dira biak taldearen gidaritzan, eta “aurpegi berriak” sartzeko garaia dela uste dute; Gure Esku Dagon lanean jarraituko dute biek, baina ez lehen lerroan.
Oiarbide, GED mugimenduaren aurpegirik ezagunena izan da 2013. urtean sortu zenetik. Aurretik ere, Idiazabaldik sortu zen Nazioen Mundua mugimenduan ere jardun zuen. Erabakitzeko eskubidearen alde Goierrin zabaldutako mugimendua Euskal Herri osora zabaltzeren aldeko apustua egin zuen Oiarbidek, GEDren sorrerarekin. Lehen ekitaldi handia, 2014ko Durango eta Iruñea artean egindako giza-katea izan zen. Geroztik, Euskal Herriko bost hiriburutan egindako ekitaldiak, dozenaka herritan egindako galdeketak eta 2018an Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartu zituen giza-katea izan dira nabarmenenak.
Bost urteko ibilbide horretan, “erabakitzeko eskubidea eztabaida politikoaren erdigunera” eramatea lortu dutela azaldu du Oiarbidek. Hala, taldearen hasierako helburuetako bat lortutzat eman du. “Eztabaidak Euskal Herri osoa hartu du, eta harago ere joan da. Esan dezakegu emaitza oso positiboa izan dela. Bigarren funtzioa da ariketa demokratiko bat egikaritzea”.
Martxoaren 31n aro berriari hasiera emateko ekitaldia egingo du Gure Esku Dagok, Egin dezagun bidea lemapean. Bilboko Euskalduna jauregian elkartuko dira, 12:00etan. Aurretik, hilaren 20an, Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek azken solasaldia egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.